Retroa modan dago. Tira, aspalditik, baina azken urte luzeetan gero eta indar gehiago hartzen joan den esparrua dela ikusi izan dugu, edozein arlotan. Gauza bera gertatzen da, nola ez, bideo-jokoen munduan: birmasterizazioak eta remakeak moda-modakoak dira, baita retrobateragarritasun funtzioa edota aldaketa handirik gabe berriz kaleratutako obra zaharrak.

Horren adibide ezin hobea da, esaterako, Xbox-en belaunaldi berriko kontsoletan retroarengatik egindako apustua: Xbox Series X-a zein S-a kaleratzerakoan “lau belaunalditan banatutako milaka jokotara” aritzeko aukera eskaini zuten Microsoft-ekoek, inolako kosturik gabe. Jatorrizko Xbox, 360, One eta Series kontsoletako bideo-jokoak mugitu ditzakete kontsolek, hain zuzen ere.

Beste kasu nabarmena Nintendo-k bere Super Mario 3D All-Stars bildumarekin egindakoa da. N Handiaren iturginaren 35. urteurrena ospatzeko Switch kontsolarako merkaturatutako obra honek Super Mario 64, Sunshine eta Galaxy biltzen ditu, kontsolen hiru belaunalditako lanak. NES Mini eta SNES Mini kontsolen kasua ere dugu: gailu txikiek bi belaunaldi desberdinetako hainbat obretara jokatzeko aukera eskaintzen dute.

Zaleen eskaerei erantzunez prestatutako funtzio eta bildumak dira aipatutako kasuetakoak. Eta guztietan, emulazioari esker jokatu daiteke titulu horietara. Enpresa handiek horrenbeste gaitzesten eta jazartzen duten emulazioa, bai. Ohikoa izaten da Nintendo ROM fitxategiak biltzen dituzten webguneak ixten ikustea. Ez da harritzekoa, horiek ilegalki deskargatu daitezkeen jokoak baitira.

Baina noizean behin gauza bera egiten saiatzen dira emulatzaileekin. UltraHLE emulatzailearena kasu ezaguna izan zen: 1999. urtean zabaldu zen sarean, emulatzen zuen Nintendo 64 kontsola merkaturatu eta hiru urtera. Nintendoko abokatuek hau ezabatzeko lanari ekin zioten, baina emulatzaileak ez zuen legerik hautsi. Halere, azkenean garatzaileak desagertu egin ziren, istiluak saihesteko asmoarekin. Hedabideek orain gutxi salatu edota laudatu zuten Metroid Dread berrira emulatzailean arazorik gabe jokatzeko aukera; horrek sekulako polemika eragin du Interneten, bideojokozaleak elkarren aurka jarrita.

Emulatzaileen eta ROM edo bestelako bideo-joko fitxategien arteko desberdintasuna, beraz, lehenengoak lege barruan aurkitzen direla da. Hainbat eta hainbat ikusi izan ditugu azken urteetan, askotariko plataformetan gainera: Nintendo 64a Project 64 edo Mupen 64 emulatzaileekin arazo handirik gabe emulatu daiteke, GameCube eta Wii kontsolen Dolphin emulatzaile ezagunak PC-rako zein mugikorretarako bertsio apartak ditu; MAME-ri esker dozenaka arkade makinetako jokoetara aritu daiteke; PCSX eta PCX2 emulatzaileek lehen bi PlayStation kontsolak emulatzeko balio dute.

Kontsola modernoetako jokoak beste plataforma batzuetan gozatzeko adibideak ere daude: Switch-aren Yuzu, PlayStation 3-aren RPCS3 edota Nintendo 3DS-aren Citra paregabea ezin hobeak dira.

Hau da: funtsean zure PCa, mugikorra, tableta edo bestelako gailua kontsola edo sistema zehatz batean bilakatzen dute emulatzaileek.

 

Joko klasikoak hobetzen eta eraldatzen

Askok jatorrizko kontsolekin egin daitekeena beste maila batera eramatea lortzen dute gainera. Dolphinekin, esaterako, Gamecubeko zein Wiiko bideo-jokoen bereizmena areagotzeko aukera dugu: Metroid Prime, Super Mario Galaxy 2 edota The Legend of Zelda: The Wind Waker 8K-ra, 5120×4224-ko bereizmenera jokatzea posible da.

Are gehiago: sare bidez jokatu daiteke tokiko multijokalaria duten obrekin; Game Boy Advance kontsolarekin batera erabiltzeko funtzioak erreskatatu dituzte, adibidez, Four Swords-era aritzeko; jokoak modeatzeko aukera eskaintzen du; espantsioak edo obra ia berriak sortzea lortuta, eta askoz gehiago. Beste hainbat emulatzailek antzeko ezaugarriak eskaintzen dituzte, bestelako berezitasunen artean.

Romhack-ak ere aipatzekoak dira: rom fitxategia hartuta, jokoa eraldatu dezakete garatzaileek eta zaleek. Oinarrizko tituluaren mugak eta baliabideak mantendu, edo gauza guztiz berria sortu dezakete modu horretara: Kaizo Mario World ezagunek SNESeko Super Mario World hartu eta ikaragarrizko zailtasuna duten mailak sortzen ditu. The Legend of Zelda: The Missing Link bikainak Ocarina of Time-ko eta Majora’s Mask-eko elementuak hartzen ditu joko berria eratzeko, eta aldi berean elementu berriak gehitzen dizkio. Antzekoa gertatzen da, adibidez, The Legend of Banjo-Kazooie: The Jiggies of Time bikainarekin; Rare-n abentura eta OoT nahasten ditu, sekulako obra lortuta. Ezinbestekoa da Super Smash Bros. Brawl-en oinarritutako Project M bikaina aipatzea; oreka aldaketak, pertsonaia eta borrokaleku berriak eta askoz gehiago gehitzen dizkio Wiiko jokoari.

Askotan jatorrizko kontsoletan jokatzeko prestatuta egoten dira romhack hauek, Smash Remix-ekin gertatu modura. Baina beste batzuetan, emulatzaileen bidez soilik funtzionatzen dute, kontsolak gehitutako elementuak mugitzeko gai ez badira.

 

Komunitatetik, komunitatearentzat

Emulatzaileak komunitatearen eskutik jaiotako programak dira. Arruntena alderantzizko ingeniaritzaren bitartez garatzen joatea da: kontsolen softwarea osatzen duten fitxategiak eskuratuta eta aztertuta, gailu hauen funtzionamendua ulertzen eta ikasten saiatzen dira garatzaileak. Hortik beraien kabuz sortzen dute kontsola horien softwarea irakurtzeko balioko duen programa.

Garapen prozesua probekin eta hutsekin beteta egoten da: askotan elementu bat funtzionaraztea lortzeak beste baten funtzionamendua apurtzea dakar, eta beraz ohikoa izaten da aurrerapauso bat ematerakoan beste bi atzerantza eman behar izatea.

Hortaz, emulatzaileak erabiltzeko bidea bi atal desberdinetan banatuta dago. Alde batetik emulatzailea bera beharko dugu, programa. Horrekin, softwarea exekutatu ahalko dugu, baina noski, hau lortzea ez da horren erraza izango, kasu honetan bideo-jokoen konprimatutako fitxategien inguruan gabiltza-eta. Kasu batzuetan fitxategi hauek ISO arruntak izango dira, diskoaren irudiak, baina emulatzaile gehienek formatu zehatz batzuetan konprimatutako ROM edo jokoak beharko dituzte modu aproposean funtzionatzeko. Hirugarren pausoa ere egon daiteke batzuetan: emulatzaileak modu egokian funtzionatzeko software berezia. BIOS fitxategiak izaten dira normalean, kontsolen txartel nagusien funtzionamendurako softwarea.

ROM eta BIOS fitxategiak eskuratzeko guk geuk irauli beharko ditugu hauek jatorrizko softwarea erabilita. Ez da horren erraza, noski, eta askotan hardware zein software bereziak beharko ditugu hau lortzeko. Hauek lortzeko beste bidea Internetetik jaistea da; esan bezala emulatzaileek ez dute inolako arazo legalik suposatzen, baina ez da gauza bera gertatzen copyright-a duen softwarearekin.

Goazen ba legalki eta arazorik gabe eskuratu daitezkeen programak zerrendatzera. Kontsola eta hardware ezagunenen emulatzaile onenak eta nabarmenenak aurkituko dituzu hemen, baina askoz gehiago daude sarean zabalduta:

  • Arkade makinak
    • MAME ( Windows/Linux/MacOS)
  • Nintendo kontsolak
    • NES: Mesen ( Windows/Linux), NES.emu ( Android/iOS)
    • SNES: bsnes ( Windows/Linux/MacOS), Snes9x EX+ ( Android)
    • Nintendo 64: Mupen64+ ( Windows/Linux), M64Plus FZ ( Android)
    • Nintendo Gamecube eta Wii: Dolphin ( Windows/Linux/MacOS/Android)
    • Nintendo Wii U: Cemu ( Windows)
    • Nintendo Switch: Yuzu ( Windows/Linux)
    • Game Boy eta Game Boy Color: Sameboy ( Windows/Linux/MacOS), mGBA ( Android/iOS)
    • Game Boy Advance: mGBA ( Windows/Linux/MacOS/Android/iOS)
    • Nintendo DS: melonDS ( Windows/Linux/MacOS), DraStic ( Android)
    • Nintendo 3DS: Citra ( Windows/Linux/MacOS/Android)
  • SEGA kontsolak
  • PlayStation kontsolak
    • PlayStation 1: DuckStation ( Windows/Linux/MacOS/Android)
    • PlayStation 2: PCSX2 ( Windows/Linux/MacOS), Play! ( Android/iOS)
    • PlayStation 3: RPCS3 ( Windows/Linux)
    • PSP: PPSSPP ( Windows/Linux/MacOS/Android/iOS)
  • Xbox kontsolak
    • Xbox: xemu ( Windows/Linux/MacOS)
    • Xbox 360: Xenia ( Windows/Linux)
  • Beste gailu ezagunak
    • ZX Spectrum: FUSE ( Windows/Linux/MacOS)
    • Commodore 128: VICE ( Windows/Linux/MacOS/Android/iOS)
    • Amstrad CPC: Caprice32 ( Windows/Linux/MacOS)
    • PC Engine: Mednafen ( Windows/Linux/MacOS/Android/iOS)
    • Atari Jaguar: MAME ( Windows/Linux/MacOS)

Zerrenda luzea, ezta? Nekagarria izan daiteke guzti hauek jaitsi, nahi bezala konfiguratu, ondo dabiltzala frogatu, ezezko kasuan akatsak konpondu… Tira, bakar bat erabiltzeko asmoa izanez gero emulatzailea zuzenean deskargatzea izango da aproposena, baina dozena erdirekin ibiltzeko intentzioa baldin baduzu agian zerbait erosoagoa eta bizkorragoa existitzen den jakin nahiko duzu.

Ba zorionez, bai. Goazen emulatzaileen bilduma ezagutzera: Retroarch.

 

Core eta ezaugarri berezien artean

Bilduma baino, zuzenagoa da emulatzaileentzako interfazea deitzea. Dena dela, Retroarchek hauek modu errazean deskargatzea eta erabiltzea ahalbidetzen du. Interfazea aginteekin batera funtzionatzeko pentsatuta dago, PlayStation edo Xbox kontsolen interfazearen itxura hartuta, jokoa aukeratu eta segituan jokatzen hasteko.

Gainera, ez zara bakoitzaren aukera eta ezaugarriekin nahasten ibili beharko, interfaze bateratuarekin emulatzaile desberdinak modu berean konfiguratu baititzakezu, behin Retroarch erabiltzen ikasita.

Programa honetan emulatzaileek core izena hartzen dute: Retroarchek mugitu ditzakeen programa desberdinak izango dira zehazki nukleo edo plugin hauek. Horiek deskargatzeko aukera Retroarchen bertan aurkituko duzu: menu nagusian Online Updater atalean daude bilduta core guztiak. Horietan klik eginda deskargatu eta instalatu egingo dituzu.

Dolphin, MAME, mGBA, Genesis Plus GX, PCSX2 eta aurretik aipatutako hainbat emulatzaile daude Retroarchen coreen artean, baina hainbat kontsola garrantzitsuetako adibideak falta direla nabarmendu beharra dago. Dena den, komunitate erraldoia osatzen dute Retroarcheko garatzaileek, eta egunero berritasunak gehitzen dihardute.

Coreak, aginteentzako profilak eta bestelako elementuak programatik eguneratzeko aukera eskaintzen du gainera Retroarchek. Modu horretara emulatzaileen munduan modu errazean sartzeko bidea da. Windows, Linux, Mac, Android, iOS, Raspberry eta beste hainbat sistema eragiletan erabili daiteke, edonori zuzendutako programa izanik.

Steam plataforma digitalean ere eskuratu daiteke Retroarch. Bideo-joko bat gehiago izango balitz bezala gehituta, Valve-n saltokiko ezaugarri bereziak erabiltzen ditu bertsio honek. Steam Cloud funtzioarekin partida guztiak hodeian gorde ditzakegu, eta Remote Play Together ezaugarriari esker lagunak gonbidatu ditzakegu gure partidetara, beraiek jokoa izan ez arren, streaming bidez.

Desberdintasunik handiena coreen funtzionamenduan dago Steameko bertsioari dagokionez. Plataformaren oinarri legalak haustea saihesteko asmoarekin, coreak DLC bezala gehitzen dira Retroarchera: doakoak dira eta behin instalatuta jatorrizko Retroarchekin egin bezala erabili daitezke. Hori bai, core gutxi batzuk daude oraindik, baina laster gehiago gaineratzen joatea aurreikusten dute Libretroko arduradunek.

Retroarch erabiltzeak, baina, hainbat desabantaila ditu jatorrizko emulatzaileen aldean. Esanguratsuena coreen eguneraketari dagokio: emulatzaileen garatzaileek bertsio berriak kaleratu ahala Retroarchekoek beraien nukleoak mantendu behar dituzte. Lan txukuna egiten duten arren ezaugarri berrietaz gozatzeko itxaron egin behar izaten da askotan.

Erabilterraza eta argia da Retroarch, baina sinpletasun horrek konfiguratze lanak egiterakoan arazoak ekar ditzake. Hala ere bideo-jokoetara aritzeko bereziki zuzendutako gailuentzako interfaze aproposa eta oso erabilgarria da Libretroren programa. Ordenagailu zaharra, Raspberry gailua edo urte bukaeran merkaturatuko den Steam Deck eskuko PCa hartu, eta Retroarch instalatuta minutu gutxi batzuk beharko dituzu retro lanetara (eta ez horren retroetara) ibiltzeko.

 

Interfazeak eta bildumak

Beste interfaze batzuk ere aurki ditzakegu sarean: Launchbox, EmulationStation, HyperSpin, QuickPlay, Attract-Mode… batzuek emulatzaile guztiak onartzen dituzten bitartean, MAME edo bestelakoei bereziki zuzendutakoak ere badaude. Retroarchek ez bezala, hauek normalean ez dute emulatzaileak jaitsi edo eguneratzeko aukerarik ematen: txertatuta dituztenak soilik erabili daitezke, eta kasu batzuetan aparte deskargatu beharko ditugu. Orokorrean emulatzaileak eta bertako jokoak programa bakarrean bildu eta erabiltzeko balio dute.

Batzuetan sistema eragile forman ere aurkitu daitezke interfazeak. Aipatzekoak dira Retropie edo guztiz euskaratutako Recalbox; hauek Raspberry Pi gailuetan funtzionatzen dute.

Erabilera mugatuagoa duten arren, kasu berezi batzuetarako aproposak izan daitezke; esaterako, arkade makina prestatu nahi badugu, Attract-Mode eta Recalbox baliagarriak izan daitezke.

Interfazeekin jarraituta, Steam ROM Manager programa oso interesgarria izan daiteke Valvekoen saltoki digitala asko erabiltzen dutenentzat. Steamek edozein .exe fitxategi gure liburutegira gehitzeko aukera eskaintzen du; emulatzaileak gehitzea posible da, beste hainbat programen artean. Baina SRM-ekin hurrengo pausoa eman dezakegu: emulatzaileak hutsean gehitu beharrean, joko bakoitza gehitzeko balio du.

Hauek oinarrizko funtzioekin gaineratzen ditu: adibidez, jokoa zabaltzerakoan pantaila osoa hartzea. Ondoren, gainera, Steamek erabiltzen duen iruditegia automatikoki gehitu dezake, SteamGridDB webgunean zaleek igotako irudiak erabilita.

Modu oso errazean gure emulatzaileen bilduma Steamera gehituko dugu SRM-ekin. Ondoren, plataformako beste edozein joko izango balira, “jokatu” sakatu, eta emulatzailea martxan jarriko dugu.

Emulatzaileen mundua gero eta zabalagoa da. Antzina webgune susmagarrietan bilatzen ibilita jaisten genituen programak gaur egun edozein tokitan aurkitu ahal dira: web orrialde ofizialak edukitzeaz gain, aipatu bezala Steam, Play Store eta bestelako saltoki eta plataforma digitalean daude emulatzaileak.

Inoiz baino errazagoa da baita emulatzaileentzako jokoak eskuratzea. Ez modu ilegalean, norbere jokoak iraulita baino; emulatzaile batzuek ez dute hori eskatu ere egiten, diskotik zuzenean jokoak irakurtzeko aukera eskaintzen baitute.

Baztertuta eta ahaztuta ditugun kontsola eta bideo-joko retroetara itzultzeko tresna ezin hobeak dira emulatzaileak. Ez hori bakarrik, erabiltzailen jarraitzen dugun gailu horiek baino funtzionalitate gehiago eskaintzen dituzte, beraz horrenbeste maite ditugun Super Smash Bros edo Mario Kart hartu eta adibidez, lagunekin sarean jokatzeko aukera emango digute. Erabiltzen ikasi behar badira ere, gaur egungo programen artean oso sinpleak direnak aurkitu daitezke, edonorentzako erreminta aproposak izanik.