Lehen hilabeteetan gailua milaka pertsonek eskuratzeko gogor dabiltza lanean. 2023rako eskuko PC-ak “milioka erabiltzaile” edukitzea aurreikusten dute.

Abendu honetarako iragarrita zegoen hasiera batean, baina Valvek bere Steam Deck desiratua datorren urteko otsailera berandutzeko erabakia hartu zuen pasa den azaroan. Ez zen ezustekoa izan bideojokozale askorentzat, eta oraindik are geroratzeko gehiago espero dituzte batzuek. Valve horren inguruan mintzatu da PCGamer agerkarian: Greg Coomer diseinatzailearen hitzetan, hardwarea otsailean kaleratzeko “bide onean dabiltza”.

Atsekabetuta agertu da Coomer berandutzeagatik. “Minduta gaude oraindik argitaratze data urte bukaeratik datorren urte hasierara mugitu behar izan genuelako”. Halere, “zeinu guztiek otsailean kaleratzeko prest egongo garela adierazten dute”, dio eskuko PCaren diseinatzaileak.

Banaketa arazoak ez datoz Steam Deckaren ekoizpenaren aldetik, “sistemarako beharrezko osagarriak lortzeko arazoengatik baino”. Coomerrek aipatzen duenez, merkatuan eskasia handia duten 50 bat osagarri mota identifikatu dituzte. “Berandutzearen zergati nagusia osagarri horietako batzuk garaiz lortzeko ezinezkotasuna izan da”.

Argitaratzeko garaia iristen denean, “benetako produktu merkaturatzea” izango dela aldarrikatzen du, gainera. “Milaka pertsonek jasoko dute Steam Decka hauek bidaltzeko prest gaudenean”. Harrigarriena, ostean azpimarratutakoa da: “halere, milaka aleri buruz hitz egitea labur geratuko da lehen hilabeteetan banatzeko kopurua kontuan hartuz gero”.

Izan ere, hasiera batetik “nahiko esanguratsuak izango diren zenbakiei buruz” hitz egiten dabiltzala nabarmendu nahi du Coomerrek. Hortik abiatuta, hurrengo hilabeteetan erritmo onean jarraitzeko asmoa daukatu, “lehen egunean sekulako zenbakiak lortu ondoren beherakada eman beharrean”.

2022tik hasita 2023ra arte salmenten zenbakiek etenik gabe gora egiten ariko direla uste dute beraz Valvekoek, datorren urte bukaeran “hainbat milioi erabiltzaileraino iritsi arte”; hori, noski, “gauzak espero dituzten bezala badoazen” behintzat. Argi dago beraz Valvek ikaragarrizko itxaropenak dituela prestatzen ari den hardwarean.

Steam Decka saltoki digitalean erreserbatzeko aukera dago. Une honetan erosketa eginez gero, itxarote zerrendan sartuko zara: Valvekoek ez dituzte erosketak mugatu, baina ez dute zehaztu noiz iritsiko diren Steam Deckak, batez ere ilarako azken lekuetan daudenentzat; horren ordez, hiruhilabetekako multzoetan banatu dituzte erosleak.