Eskuko gailua desmuntatzeko pausoak azaltzen dira bertan. Ordezko piezak erosteko aukera egongo dela agindu dute.

Gero eta gutxiago falta da Steamekoen lehen “kontsola” ikusteko. Ez da zehazki halako gailua izango, eskuko PC-a baizik, baina jarratzaileak Steam Deckaren inguruko berriak entzuteko desiratzen daude. Hori jakinda, Valveko arduradunek gailuaren barruak erakusteko bideoa prestatu dute, informazio interesgarria partekatuta.

“Steam Deckaren inguruan jaso ditugun zalantzak honen barrualdean dauden osagarriei buruzkoak dira gehienbat, eta hauek aldatu edo hobetu ahalko diren“, adierazi dute Valvekoek Steamen argitaratutako artikuluan. “Erantzuna baiezkoa edo ezezkoa baino konplexuagoa da, beraz xehetasun guztiak azaltzeko bideoa prestatu dugu”.

Bideoan behin eta berriz aipatzen da Steam Decka desmuntatzea ez dela oinarrizko teknologia maila duen erabiltzaile batek egin beharreko lana. Piezak deskonektatu eta askatzeak hainbat ondorio ekarri ditzake, arriskuak barne. Gailu sentikorra dela nabarmantzen dute arduradunek, eta behin desmuntatuta hausteko edo akatsak edukitzeko erraztasunak egongo dira; kasu horretan bermea baliogabetu egingo da gainera.

Halere, ez dute zalantzarik izan desmuntatzeko pauso guztiak publikoari erakusteko unean. Bideoan ikusi daitekeenez piezak askatzea erraza izango da: stick-ak, bateria edota SSD disko gogorra nola desmuntatu azaltzen da.

 

Ordezko piezak, Valven esku

Daturik interesgarrienetakoa piezak aldatzearen inguruan emandakoa da. Bai, hauek aldatzeko edo hobetzeko aukera emango dute Valvekoek, eta zuzenean piezak salduko dituztela agindu dute: “datozen hilabeteetan ordezkatzeko piezei buruzko informazioari adi egon”. Hori horrela, “stickak, SSDak eta gehiago” salduko dituztela diote.

Oso datu interesgarria, gaur egungo aginteetan ikusitako drift kasuen egoera ezagututa hau gertatuz gero erabiltzaileak aldatzeko aukera edukiko baitu. Kasu honetan ere berriz errepikatzen dute: “ez dugu zuk zeuk piezak aldatzea gomendatzen”.

Noski, honek memoriaren inguruko zalantzarik handiena ere argitzen du. Erositako modeloa edozein dela ere, disko gogorra aldatzea posible izango da: berdin dio 64GB eMMC memoriadun bertsioa izatea, SSDa jartzea posible izango da, nahi izanez gero. Hori bai, microSD txartelak erabiltzea gomendatzen dute arduradunek barneko disko gogorra aldatzen ibili beharrean.

Hainbat garatzailek dagoeneko jaso dituzte Steam Deckaren kit bereziak, eta lehenengo erantzunak oso positiboak izan dira. Azken egunetan The Witcher 3: Wild Hunt eta Cyberpunk 2077 jokoen garatzaile CD Projekt RED animatu da eskuko PCaren errendimendua erakustera, beste hainbat estudioren artean.

Steam Decka Valven plataformatik erreserbatu daiteke. Lehen gailuak abenduan banatzea aurreikusten dute Steamen jabeek, baina itxarote zerrenda dagoeneko datorren urte bukaerara arte luzatzen da.

Hiru modelo desberdin eskaintzen dituzte; hauen arteko desberdintasun aipagarriena memoria izango da, garestienek SSD disko gogor bizkorragoak edukita.