Eskuko ordenagailuaren zehaztapenak nahiz itxura hobetzen jarraitzeko asmoa dute, honekin edukitako arrakasta ikusita.
Steam Deckak Asiara iritsi berri dira. Horren ondorioz, Famitsu agerkari japoniarrean elkarrizketatu dituzte Valveko arduradunak gailu berritzailearen inguruan. Bertan adierazi dutenez, etorkizunean Steam Deckaren belaunaldi berria egongo dela baieztatu dute, “aldakuntza handiak jazotzen ez badira”.
Greg Coomer Valveko diseinatzaileak egin ditu adierazpenak. Suposatzekoa den modura, eskuko PC-aren etorkizuneko bertsioek hainbat aldaketa jasango dituzte. “Gaia, tamaina eta forma aldatu egingo dira, agian streaming gailu batean bilaka daiteke. Steam Deckaren garapenak jarraitu egingo du”.
PCko erabiltzaileen artean pil-pilean dabilen gailuak, beraz, beste formatu batzuk izan ditzake etorkizunean. “Steam plataformaren nukleoaren hedapena” bilatzea da Valvekoen helburuetako bat.
Izan ere, “Decka PC bat da beste itxura batekin, baina Steamek hainbat erabilera ditu eskuko gailu honez gain”. Telebista zein mahaigainea aipatzen ditu Coomerrek; hori horrela, kontsola edo mini ATX tankerako gailuetan lan egiten dabiltzala suposa daiteke. Steam Machine gailuetara itzuliko ote dira?
Bestalde, Pierre-Loup Griffais Deckaren garatzaileak argi identifikatzen du egungo tresnak hobetu behar duen alorrik garrantzitsuena: bateria. “Argitaratu genuenetik hainbat hobekuntza egin ditugu bateriaren iraupenean”, dio Griffaisek. “Adibidez, 40 Hz-tako berrizte tasekin jokatzea ahalbidetu dugu, eta erabiltzaileek beren bateriaren iraupenean kontrol gehiago izateko lanean gabiltza”.
Sistema eragilearen optimizazioa ere aipatzen dute, nola ez: hau pixkanaka hobetuz, bateriak are gehiago irauten du, eta erabiltzailearen esperientzia hobea da, gainera. Dena den, une honetan bateria da Valveko garatzaileek buruan daukaten ezaugarri nagusia, eta hau hobetzen jarraitzeko lanean dabiltza.
Itxaropen guztiak gaindituz
Bideojokozaleen arreta erakartzea lortu dute Valvekoek, baina oztopo handi bati aurre egin behar izan diote Decka iragarri zutenetik: erdieroaleen eta osagaien eskariari. Erosleek itxarote zerrenda batean sartu behar dira gailua eskatzerakoan, eta Valvek eskura dezaketenean abisua bidaltzen die: zerrenda hori hainbat hilabetetakoa izan da.
Zorionez, egoera aldatzen doala dirudi; izan ere, gailuen ekoizpenak aurreikuspen guztiak gainditzen jarraitzen duela jakitera eman dute arduradunek. Hori horrela, itxarote zerrenda bizkortuz joan da, eta erosketa urte amaierarako egitea espero zuten askok dagoeneko gailua etxean daukate.
Eskertzekoa da, eskaerek gora egiten jarraitzen dute-eta: Valvekoen arabera, abuztuan inoiz baino eskaera gehiago iritsi zaizkie. Oraindik ez dituzte salmenten datu zehatzak eskaini, baina gailua Steameko produkturik salduenen zerrendan aurkitzen da astero.
Deckarekin harro
Esan bezala, Steam Decka asiar merkatuetara ere iritsi da orain gutxi, gainera: Japoniako, Hego Koreako, Taiwango eta Hong Kongeko bideojokozaleek eskura dezakete dagoeneko. Hori ospatzeko asmoz, tresnaren garapenaren gakoak azaltzen dituen doako liburu digital berezia argitaratu dute. Benetan interesgarria Valven ibilbidea ezagutzeko zein Deckaren ekoizpenaren atzean dauden gako guztiak kontuan izateko.
Bukatzeko, abuztuan gailua erabilita gehien jokatu diren bideojokoen zerrenda argitaratu dute garatzaileek. Hauek dira hamar titulu jokatuenak:
- Vampire Survivors
- Cult of the Lamb
- Elden Ring
- Marvel’s Spider-Man Remastered
- Stardew Valley
- No Man’s Sky
- Hades
- Multiversus
- The Elder Scrolls V: Skyrim Special Edition
- Monster Hunter Rise
Apirilean Game Erauntsian argitaratu genuen Steam Deckaren analisi sakona. Hauxe esaten genuen gailuari buruz:
Ezinezkoa da Deckak sortzen duen zirrara ezkutatzea. Kontsola tankera duen PCa eratzea lortu dute, zalantzarik gabe, horrek dakartzan aldaketa esanguratsu guztiekin. Ordenagailuek zuten mugetako bat gaindituta, Steam Deckak ia-ia ez dauka mugarik. Edonon jokatzeko aukera eskaintzen du, edozein baldintzetan.
Iruzkinak