2001ean argitaratutako estrategia jokoaren bertsio berriztatuak hainbat aldaketa ekarriko ditu.
Dagoeneko existitzen ez den Liquid Entertainment sortzaileak sortutako Battle Realms estrategia joko klasikoa zaharberrituta heldu da Steamera. Early Access bidez Zen Edition deitutako bertsio berria argitaratu du Ed Del Castillo arduradunak.
Battle Realms japoniar mitologian oinarritutako denbora errealean jokatzen den estrategiazko jokoa da; Age of Empires edo Warcraft klasikoen antzera, baliabideak lortu eta horiekin ejerzitoa osatu beharko dugu partida irabazteko.
Battle Realms ejerzito hori sortzeko moduagatik da berezia: oinarrizko unitateak, nekazariak, eraikin desberdinetan entrenatu beharko ditugu unitate militarrak sortzeko. Jokoak aukeratzeko lau fakzio ditu; Dragoiaren klana, Sugearen klana, Otsoaren klana eta Lotoaren klana.
Oraindik bukatzeko dagoen bertsio berri horrek hainbat berritasun gehituko dizkio 2001eko bideojokoari: Del Castillok aipatu duenez, “bereizmen handiko monitoreentzako aukerak, bi monitore batera erabiltzeko aukera, erabilgarria den sare bidezko multiplayerra eta akats konponketak” izango ditu Zen Editionek, besteak beste.
Edizio hori oinarrizko jokoarekin eta Winter of the Wolf espantsioarekin argitaratu da. Early Accessean 8,19 euroko prezioan argitaratu badu ere, bideojokoa bukatuta dagoenean prezioak gora egingo duela azaldu du arduradunak.
Iruzkinak