Beta fasean aurkitzen zen: Family Sharing sistema zaharraren eguneratzea da. Bideojoko batzuk mugatuta dauden arren, sei lagunek ia liburutegi osoa parteka dezakete.

Steam Familiak ezaugarria plataforma digitalaren erabiltzaile guztiengana iritsi dela iragarri du Valve-k. Bideojokoak partekatzeko balio duen funtzioarekin familia taldeak eratuko dituzte jokalariek, familia osatzen duten gainerako kideei norberaren jokoetarako sarrera eskainiz.

Martxoan beta fasean estreinatu zen Familiak; hori horrela, 2013an abiatutako Family Sharing funtzioa ordezkatzera eta eguneratzera dator. Nahiz eta funtsezkoan berdintsuak diren, Steam Familiak berriak abantaila esanguratsuak gaineratuko dizkio zerbitzuari.

“Ezaugarrien bilduma” dela azaldu dute Valvekoek aurkezpen bideoan: “jokoen partekatzea, gurasoentzako kontrol tresnak eta haurren erosketa eskariak” biltzen ditu. Sei erabiltzailek osa dezakete familia taldea. Erabiltzaileak bi kategoriatan banatuta egongo dira: helduak eta haurrak.

Esan bezala, funtzio nagusia jokoen liburutegiak partekatzearena izango da. Steam plataformako ia joko guztiak onartzen ditu zerbitzuak; halere, abiatzaile edo launcher bereziak erabiltzen dituztenak ez dira agertuko taldearen zerrenda, ezta garatzaileek ukatutako bideojokoak ere.

Adibidez, Steamen erosita eduki arren Rockstar Games Launcher abiatzailearekin funtzionatzen duten Grand Theft Auto V edo Red Dead Redemption 2 zerbitzutik kanpo geratzen dira.

Edozein unetan joka dezakegu gainerako kideen jokoetan: gure erabiltzailearekin ariko gara, berezko gordetako partidekin eta aurrerapenekin, jokoa gurea izango balitz bezala. Alabaina, erositako ale bakoitza kontuan izango du sistemak. Argi azaltzearren: familia taldeak Elden Ring-en ale bakarra badu, bi erabiltzailek ezingo dute aldi berean jokatu.

Zer gertatzen da hiru jokalarik Age of Mythology: Retold-en multijokalarian aritu nahi badute, baina bakarrik bi ale badaude familian? Gauza bera: bi erabiltzailek elkarrekin jokatzeko aukera edukiko dute, nahiz eta jokoak ez izan eurenak. Hirugarren erabiltzaileak, baina, ezingo du jokatu bietako bat jokotik atera arte.

Eduki gehigarriak partekatzen dira, gainera. Horren harira, Steam Familiak joko beraren aleak desberdin ditzake. Kide batek Dark Souls 3ren espantsio guztiak baditu, baina espantsiorik gabeko beste ale bat badago familia taldea, jokoa abiatu aurretik zein bertsio erabili nahi dugun erabaki dezakegu.

Aurreko sistema hobetzen da, beraz, hein batean. Family Sharing zaharrarekin jokoak partekatzerakoan, jokatzen zenbiltzan tituluaren jabea beste joko batera sartzerakoan —nahiz eta joko desberdina izan— sarrera ukatzen zitzaizun.

 

Familia taldea baino gehiago

Taldeak sortzeko bidea erraztu dute, gainera. Antzina zure erabiltzailea eta pasahitza eman behar zenizkien lagunei zerbitzua aktibatu ahal izateko. Orain, gonbidapen bidez funtzionatzen du, eta eratutako taldea kudeatzeko tresna erabilgarria prestatu dute plataforman. Bertan ageri dira partekatutako joko guztiak, familiak dituen aleak ikusteko aukerarekin, baita berrienetatik hasita ordenatzerakoarekin ere. Zerbitzutik kanpo geratzen diren jokoak zehazten dituzte, bukatzeko.

Gurasoentzako kontrol tresnak azpimarratzekoak dira. Familiako txikienei gure liburutegietara sarrera emateaz gain, zenbait joko debekatzeko edo jokatzeko orduak kudeatzeko aukera eskaintzen digute.

Hau esanda, familia edo lagun artean erabiltzeko sortutako sistema da, argi eta garbi. Familiako kideek gure jokoetan egindako tranpak eta iruzurrak kontuan hartu beharko ditugu: gurea den Call of Duty-ren batean VAC debekua jasotzen badute, horrek guri ere eragingo digu, adibidez.

Steam Familiak funtzioa plataforma digitalaren bezero egonkorrera iritsi da. Erabili ahal izateko, azken eguneraketa instalatu behar da; ondoren, familien atalera jo beharko duzu. Steamekoen artikuluan irakur dezakezu ezaugarriari buruzko informazio guztia.