Family Sharing eraberritzera dator, hainbat hobekuntza inplementatuta. Plataformaren betan proba dezakegu dagoeneko.

Valve-k Steam Familiak ( Families) funtzioa iragarri du bere webgunean. Steam barneko familiei zuzendutako ezaugarri desberdinak biltzera eta hobetzera datorren aukera da: besteak beste, sei erabiltzaileri jokoak elkarren artean partekatzeko aukera eskainiko digu, edonoiz.

“Steam Familia batera sartzen zarenean familiako kide horiek erosita dituzten bideojoko partekagarrietarako sarbidea jasoko duzu, eta, gainerako kideek, berriz, zure bideojokoetarako sarbidea edukiko dute”, azaltzen da iragarpen orrian.

Horrela, nahiz eta jokoen liburutegi baten jatorrizko jabea beste zerbaitetan jokatzen egon, familia taldean sartuta dauden gainerako erabiltzaileek bere jokoetan ari daitezke. Aurretik geneukan Family Sharingak ez zuen hori ahalbidetzen; izan ere, liburutegiaren jabea jokatzen zebiltzala bere joko partekagarriak itxita geratzen ziren.

Joko bera hartuta aldi berean aritzeak dakartza arazorik nabarmenenak: adibidez, Portal 2ren kooperatiboan ibili nahi badugu, familia taldean behintzat tituluaren bi ale erosita eduki beharko ditugu.

Interfaze berriarekin dator Steam Familiak; horri esker, familiako kideek osatutako liburutegia ikus dezakegu, parteka ditzaketen jokoak nabarmenduz.

Garatzaileak izango dira funtzioan erabil daitezkeen tituluak hautatzeaz arduratuko direnak —horrela zen family sharingekin—, partekatzeko aukera uka baitezakete. Bestalde, hirugarrenen DRMak edo launcher-ak erabiltzen dituzten jokoak zerbitzutik kanpo geratuko direla diote Valvekoek.

Familiako kideak gehitzerakoan, gainera, helduak edo haurrak diren adieraz dezakegu. Haurrentzat gurasoentzako kontrol tresnak erabiltzeko aukera edukiko dugu —adibidez, jokatzen eman dituzten orduak kontrolatuz—, baita euren erosketa eskaerak ikusi zein onartu ere.

 

Hobekuntzak zein mugak

Horri lotuta, tranpatiekin gerta daitekeena ere aipatzen da orrialdean. Familiako kide batek zure jokoan tranpa egiten badu, kanporaketa jokoaren ale horretarako izango da; hau da, zuri ere debekua ezarriko zaizu. Hori eginda tranpatiek family sharing erabilita erabiltzaile kontu batetik bestera jauzi egiten ibiltzea ekidin gura dute.

Familia kopurua mugatu dute, hori bai: esan bezala, beste bost kide sar ditzakegu familia taldean, orain arte hamar pertsona hauta genitzakeen bitartean. Erabilera ere, zentzu batean, mugatuta dagoela esan daiteke, taldea osatzea nahitaezkoa izango baita, jokoak modu askean partekatu beharrean.

Taldeei dagokienez, familia taldea uzteko aukera egongo da, baina mugekin: familia berri batera sartzeko aurrekora batu ginenetik urtebete itxaron beharko dugu.

Steam Familiak aukera erabiltzen has gaitezke jadanik: plataformaren beta bertsioan sartu behar gara funtzio berriak ikusteko.