Otsailaren 9ra arte iraungo du. Askotariko jarduerak antolatu dituzte doako demo eskaintzarekin batera.
Azken urteetan Valvek antolatutako ekimenik arrakastatsuena bueltan da. Steam Game Festival ekitaldiak doako frogak, aurkezpenak, solasaldiak eta zuzenekoak batuko ditu jaialdi digital batean.
Arduradunek jakitera eman dutenez, oraingoan 500 bat demo egongo dira jokatzeko prest. Horietako batzuk iragarri dituzte dagoeneko: Narita Boy, Blunt Force, Hazel Sky edota Black Book bezalako joko desiratuak frogatzeko aukera izango dute Steameko erabiltzaileek.
Ekimena gaurtik otsailaren 9ra egongo da martxan; 19:00etan emango diote hasiera. Egun horietan Valvekoek beraien plataforman ahalbidetu duten orrialdean aurkitu ahalko dira jaialdiaren baitan egongo diren bideojokoak. Bertan bildutakoak laster kaleratuko diren lanak izango dira, hori baita Game Festivalean azaltzeko baldintzetako bat.
Esan bezala, ezaugarri nagusia doako demoak izango diren arren are gehiago eskainiko du ekimenak. Garatzaileen parte hartzea sustatu nahi du Steamek, eta horretarako horiekin batera aurkezpenak, solasaldiak eta zuzenekoak egingo dituzte ekitaldiak irauten duen egunetan.
Steam Game Festivalaren bosgarren edizioa izango da hau. Lauhilabetero egiten duten ekimena izatea nahi dute Valvekoek, plataforma digitalaren ikurretako bat bilakatuz horrela. Hori lortzeko, ekimen bakoitzean bildutako lanak guztiz desberdinak izatea bilatzen dute: oraingo honetan parte hartzen duten bideojokoak ezingo dira aurkeztu hurrengo ekimenean. Adi beraz jokoen eskaintzari, eta ez galdu frogatu nahi duzun bideojokoren bat jokatzeko aukera.
Iruzkinak