Memoria eta biltegiratze kostuek gora egiten jarraitzen duten heinean, Valvekoek ez dakite zenbat gailu fabrika ditzaketen.
Aldaketak iragarri ditu Valvek Steam Machine PC-kontsolaren salmenta prozesuan. Itxarote zerrendak alboratuta, 512 GBeko modeloa zuzenean eros daiteke jada; aldiz, kontrakoa gertatzen da 2 TBeko bertsioarekin, zuzenean alboratzea erabakita.
Hardware osagaientzako “hornikuntza arazoak” bizi dituztela azaldu dute Valvetik, “osagaiak eskaintzeko ahalmenean eraginda”. Gailu gehiago prestatzeko gai direnenan ere, “aurreikusitako kopurua urriagoa” izango dela diote. “Memoria eta biltegiratze kostuak gora egiten dabiltza maila izugarrian” salatu dute, etorkizunera begira fabrikatuko dituzten gailuen kopurua zein prezioa zehaztezinak izanik, eta, batez ere, 2 TBeko Steam Machinearengan eragin bortitza edukita.
512 GBko modeloa, beraz, erosketen saskira gehitu eta zuzenean erosteko aukera dago orain. Valvetik azaldu dutenez, horrela jarraituko du, “eskaintzak iraun bitartean”. Itxarote zerrenda behin betiko desagertu dela nabarmentzen dute: egungo gailu guztiak saltzen badituzte, agortuta dagoela azalduko da saltokian.
2 TBeko bertsioaren itxarote zerrendan daudenek erosteko aukera jasoko dutela diote arduradunek, “zerrendako postua mantenduta”. Hala ere, biltegian dituzten gailuen kopurua ez da nahikoa zerrendako guztientzat, une honetan: urtarrilean gailuen eskaintzari buruzko datu gehiago emango dituzte. Interesatuei 512 GBeko bertsioa erostera bideratu diete; erabaki hori hartuz gero, 2 TBeko modeloaren zerrendatik kanpo geratuko direla nabarmentzen dute.
Biltegiratze osagaiak, eta, zehazki, gaitasun handikoak urritasun kezkagarria bizi dute, beraz. Machinearengan izan du eragina, baita Steamen Deck nahiz Frame gailuengan zein osagai hauek erabiltzen dituzten ia edozein gailurengan. Ez dirudi egoerak konponbide bizkorrik edukiko duenik: jarraitzekoa izango da, adibidez, hurrengo kontsolen belaunaldiaren helduera.
Azken Steam Beta, sarerik gabeko funtzionalitateei begira
Software aldetik jo eta ke jarraitzen dute Valvetik, zorionez. Azken Steam Beta eguneratzeak hainbat berritasun interesgarri dakartza, batez ere, sarerik gabeko moduari dagokionez.
Liburutegiko edukiak, lorpenak, txata eta beste hainbat funtzionalitate zuzendu dituzte azkenik. Aldez aurretik, deskonektatutako modalitatea erabiltzerakoan arazoak ematen zituzten, edo, zuzenean, ez zuten funtzionatzen.
Berritasunak ez dira aipatutakoetara mugatzen: lorpen bilduma berrientzako hobekuntzak —ordenatzeko irizpideak gehitu dituzte, esaterako—, abiatze denboren murrizketa, streaming bidezko jokoarentzako bizkortzeak edo hainbat aginte mota desberdinentzako Steam Input txukunketak dakartza beta bertsioak.
Lander Unzueta
Iruzkinak