2026 hasieran merkaturatuko dira Gabe Newell-en enpresak sortutako gailuak.

Valve enpresa estatubatuarrak Steam bideojokoen plataformako hardware sorta berria aurkeztu du.

Steam Machine ordenagailua, Steam Frame errealitate birtualeko gailua eta Steam Controller aginte berria ezagutzera eman ditu, azkenik, Steam plataformaren arduradunak.

Kaleratze datari dagokionez, zehaztu gabe utzi dute, baina aparatuok laster ikusiko omen ditugu: “2026 hasieran” argitaratzeko asmoa daukate.

Steam Machine PCa 2015ean, duela hamar urte, merkaturatutako gailu sortaren oinordekoa da. Ez dute, baina, bide berbera jarraituko: Valvek prestatutako eta salmentan jarritako PCa dugu, Alienware, ASUS eta bestelako fabrikatzaileak alboratuta, Steam Deck eramangarriarekin egin modura.

Webgune ofizialean irakur daitekeenez, SteamOS bidez funtzionatuko du gailu berriak. Benchmark edo errendimendu probarik argitaratu gabe geratu badira ere, zehaztapen ofizialak zerrendatu dituzte:

  • CPU
    • Neurrira egindako AMD Zen 4 6C / 12T 4.8 GHz, 30W TDP
  • GPU
    • Neurrira egindako AMD RDNA3 28CU
    • 2.45GHz-ko gehienezko frekuentzia, 110W TDP
  • RAM
    • 16GB DDR5 + 8GB GDDR6 VRAM
  • Energia
    • 110-240V barne elikatze iturria
  • Biltegiratzea
    • Bi Steam Machine modelo
      • 512GB NVMe SSD
      • 2TB NVMe SSD
    • Bi modeloek abiadura handiko microSD txartel sarrera daukate
  • Konektibitatea
    • Wi-Fi
      • 2×2 Wi-Fi 6E
    • Bluetooth
      • Bluetooth 5.3 dedikatutako antena
    • Steam Controller
      • Integratutako 2.4 GHz Steam Controller haririk gabeko egokigailuarekin
  • Sarrerak eta konexioak
  • Bideoa
    • DisplayPort 1.4
      • 4K @ 240Hz edo 8K@60Hz bereizmeneraino
      • HDR, FreeSync eta daisy-chaining euskarria
    • HDMI 2.0
      • 4K @ 120Hz bereizmeneraino
      • HDR, FreeSync eta CEC euskarria
  • USB
    • Bi USB-A 3.2 Gen 1 sarrera aurrealdean
    • Bi USB-A 2.0 High speed sarrera atzealdean
    • USB-C 3.2 Gen 2 sarrera atzealdean
  • Sarea
    • Gigabit ethernet
  • LED zerrenda
    • 17 RGB LED sistemaren egoera adierazteko zein nahi bezala pertsonalizatzeko
  • Tamaina eta pisua
    • Tamaina
      • 152 mm-ko altuera (148 mm hankarik gabe), 162,4 mm-ko sakonera, 156 mm-ko zabalera
    • Pisua
      • 2.6 kg
  • Softwarea
    • Sistema eragilea
      • SteamOS 3 (Arch-en oinarritutakoa)
  • Mahaigaina
    • KDE Plasma

Laburbilduz, “sei Steam Deck batuz gero lortuko litzaketeen errendimendua” erakusteko gai da Steam Machine berria. 4K/60fps errendimendua FSR eskalatze teknologiari esker lortuko dutela diote bideoan, noski, jokorik indartsuenekin.

Deckaren eta SteamOSen ezaugarri berezi guztiez baliatuko da, gainera: etenaldi eta suspertze azkarra, Steam Input, bideo grabazioak, remote play, eta, zelan ez, mahaigaineko ingurunea bilduko ditu, PC baten aurrean baikaude, honen aukera guztiak erabilgarriak izanik.

GNU/Linux-en oinarritutako SteamOS sistema eragilearen egoera ere zeharo desberdina dela gogoratu beharra dago. 2015ean, lehen Steam Machineak merkaturatu zirenean, ez zen Windows-eko jokoak exekutatzeko gai, PCko tituluen liburutegiaren zatirik handiena kanpoan geratuta; orain, Proton —itzulpen edo bihurtze lanak egiten ditu programen kodearekin— tresnari esker, GNU/Linux sistema eragileetan Windowsko jokoen eta programen gehiengoa mugitzeko gai gara.

Deck Verified sistemarekin egindakoa hedatuko dute Steam Machinera: horrela, Steam Machine Verified plataforma prestatzen dabiltzala aipatzen dute egileek.

Prezioa ezagutu gabe geratzen gara, oraingoz: dena den, Gabe Newellen taldetik “kontsolen pareko” prezioan merkaturatuko dutela diote.

 

Hirugarren saialdia errealitate birtualarekin

Bigarren gailua aspalditik entzun izan dugun VR kasko berria da, HTC Vive-n nahiz Valve Index-aren oinordekoa: Steam Frame. Haririk gabeko VR gailuaren aurrean gaude, Meta Quest berrienek lortutakoaren bidea jarraituta. Snapdragon 8 Series prozesadorearekin, bideojokoak bere kabuz mugitzeko gai da, berriz, SteamOS sistema eragile berezituari esker.

Valvetik streaming-era zuzendutako VR kaskoak direla aldarrikatzen dute. Hau da: haririk gabeko egokigailuarekin —Internet sarea alboratu nahi da— gure ordenagailura konektatu ahalko dugu, jokoak PCtik exekutatuz, baina tartean kableak ahaztuta.

Berezitasun nabarmen batekin estreinatuko da: VR bideojokoentzako euskarriarekin batera, joko arruntak exekutatzeko gai da. Bideoan ageri denez, pantaila birtuala agertuko zaigu, adibidez, Hades II bezalakoetan jokatzeko.

Bi 2160×2160 LCD pantaila erabiliko dituzte kaskoek, 72 eta 120 Hz bitarteko berrizte tasarekin —hala ere, 144 Hz-ko modalitatea ere aipatzen da— eta 120 graduko ikuspegiarekin. Frame Controller aginteekin iritsiko dira, errealitate birtualeko jokoekin erabiltzeko mando bereziak.

Foveated Streaming teknologia izango da Framen izar nagusietako bat: begien mugimendua jarraitzeko ezaugarri berria agintzen dute Valvetik, ikusten zabiltzana nabarmenduta, errendimendua areagotzeko eta baliabideak aurrezteko haririk gabeko sisteman.

Garapen kit-a martxan dagoela aipatzen da gailuaren orrialde ofizialean: garatzaileei Steam Framerako bideojokoak prestatzeko laguntza eskaintzeko gogotsu daude Valvekoak.

Beste berritasun garrantzitsua erabiliko dute Framek. Snapdragon prozesadorea aipatu dugu lehen, ARM prozesadorea, alegia. Proton bateragarritasun geruzarekin batera, FEX izeneko emulagailu berrian inbestitzen ibili dira Valvekoak, SteamOS eta ARM arkitekturak bateratzeko bide berriak irekita: x86 arkitekturako kodea —ordenagailu arrunten prozesadoreena, ulertzearren— gailu mugikorretako ARM prozesadoreek irakurtzea ahalbidetzen du.

Laburbilduz: mugikorretan edo antzeko gailuetan Steam eta bideojokoak exekuta daitezke orain. Errendimendu aldetik kostu txikia egongo dela dirudi: muga non dagoen ezagutzeke dago, batez ere, gaur egungo Snapdragon prozesadore indartsuenetan.

Antzekoa ahalbidetzen duten proiektuak existitzen dira: GameNative, GameHub... FEX, baina, Valven bide ofiziala da, ate ugari irekita bideojokoentzat.

Kasu honetan ere, Frame Verified sistemarekin adieraziko dituzte VR kaskoak mugi ditzakeen bideojokoak. Hades IIren adibidera itzulita, 1440p/90Hz-tan mugitzeko gai dela adierazten dute probatu dutenek.

 

Guztiak kontrolatzeko agintea

Azkenik, aipatutako bi gailuekin, Steam Deckarekin zein beste edozein ordenagailurekin batera erabili ahalko dugun Steam Controller berria aurkeztu da. Aspaldi filtratutako irudietan azaltzen zen agintea da; hortaz, ohiko kontrolen eskema Deckean horren garrantzitsuak diren bi trackpad-ekin elkartu dute.

Palanka magnetikoak, kalitate handiko bibrazioa, giroskopioa eta bestelako ezaugarriak azpimarratzen dituzte egileek. Steam Deckak bezala, lau botoi estra edukiko ditu atzealdean: hauek nahi bezala konfigura ditzakegu joko desberdinetan, aginte sarrera arruntak zein makroak esleituz.

Horiez gain, Steam Controller Puck izeneko egokigailuarekin estreinatuko da: kalitate handiko konexioa lortzeko erabil daiteke, eta, gainera, agintea kargatzeko, bateriarekin funtzionatuko baitu.

Nola ez, software aldetik Steamen agintea erabiltzen duen erabiltzaile orok maitatzen ikasi duen Steam Input azpiegituraz baliatuko da Controller berria. Bideojokoen kontrol eskemak nahi bezala aldatzea, konfiguratzea eta partekatzea ahalbidetzen duen tresna eraginkorra da, eta hori ere indartzen jarraitzeko asmoa agertu du Valvek.

 

Jokalariak PCra erakarri nahian

Aipatutako gailuok 2022an argitaratutako Steam Deck eskuko PC eramangarriaren —Steam Deck OLED modeloa 2023an estreinatu zen— oinordekoak edo bidelagunak dira. Gailua SteamOS 3 bertsioarekin batera iritsi zen, GNU/Linux indartzeko, zein, aldi berean, Windows alboratzeko egindako ahaleginaren emaitza.

Sistema eragilea baino are garrantzitsuagoa da, baina, Valvek eraikitzen lagundutako Proton teknologia; arestian aipatu modura, Windows programak exekutatzeko balio digun bateragarritasun geruza da. Linux erabiltzaileek ondo ezagutuko duten WINE programaren antzeko funtzioa betetzen du, kasu honetan, arreta bideojokoengan jarrita.

Hala eta guztiz ere, oraindik ez da Windowsko programa guztiak exekutatzeko gai, batez ere, atzean dauden zerbitzuei begira jarriz gero: Easy Anti Cheat edo antzeko bestelako DRM zerbitzuek Protonekin bateragarritasun arazoak eduki ohi dituzte. Gehienak konpontzea lortu du Valvek, baina garatzaileen esku dago, sarritan, Protonekin bateragarritasuna fintzea eta moldatzea.

Eskuko gailuak sekulako harrera izan badu ere, salmenta urriak eduki ditu: zifra ofizialak argitaratu gabe badaude ere, bost milioi gailu inguru saldu izana kalkulatzen dute adituek. Miseria hutsa, esaterako, Nintendo Switch kontsolaren 154 milioien aldean. Hori bai, Steam Decka ez da saltoki fisikoetan saltzen —iragarri berri dituzten gailuek ere antzeko bidea jarrai dezakete—, Steam saltoki digitalean baizik, hedapena oztopatuz.

Valvek ez ditu kontsolen pareko salmentak bilatzen, ordea. Horren ordez, jokatzerakoan, esperientzia erraza bilatzen duten kontsoletako erabiltzaileak PCko ingurunera erakartzeko bide desberdinak eskaintzea da helburua. Lortzen ari dela esan daiteke: urrian erabiltzaileen marka hautsi zuen Steam plataformak, beste behin, aldibereko 41,6 milioi jokalari batuta plataforman. Steamen saltzen den joko, eduki gehigarri edo zerbitzu ororen irabazien % 30 Valventzat da.

Bitartean, Steam Deck 2a prestatzeko asmoa aipatu dute Valvetik, behin baino gehiagotan. Jauzi esanguratsua eman gura dutela diote, baina; horretarako, hardwarea hobetzearen zain dabiltza. Gailu berrien iragarpenarekin berriro heldu diote gaiari, “buruan ideia argia” daukatela adierazita.

Steam hardware sorta berria “2026 hasieran merkaturatzea” aurreikusten du Valvek. Ezaugarri guztiak eta prezioa laster iragartzea espero da.