Valve-k adierazpen ofizialak eskaini ditu: 2026ko lehen erdian merkaturatuko ditu, baina ezin dute prezioa zehaztu oraindik.
Valve Steam Machine zein Steam Frame gailuen inguruan mintzatu da zaleen kezkak argitzeko. Iaz iragarritako hardware sortak preziorik eta kaleratze datarik gabe jarraitzen du egungo RAM memoriaren eta biltegiratzearen krisiaren ondorioz.
Une honetarako informazioa iragarrita edukitzea zen hasierako asmoa. Steam plataforman argitaratutako artikuluan hiru produktuak —Steam Controller agintea ere dago tartean— "urte hasieran merkaturatzeko helburua ez dela aldatu” azpimarratzen badute ere —iragartzerakoan 2026 hasiera aipatzen zuten—, “memoria eta biltegiratze eskasiak” hardware sorta iragarri zutenetik “azkar batean okerrerantza egin duenez, "taldeak ezin ditzake gailuen argitaratze data zein behin betiko prezioak konfiantza osoz ezagutzera eman".
Laburbilduz: “Osagai garrantzitsu hauen mugatutako eskuragarritasunak eta prezioen igoerak kaleratzearen egutegi zehatza zein prezioen politika aztertzera eraman dituztela” aitortzen dute Valvetik.
Steameko blogean “laster” informazio eta datu gehiago eskainiko dituztela agindu dute.
Hardware xehetasunak
Tartean, gailuei buruzko informazio gehiago eskaintzeko aprobetxatu dute Steameko arduradunek.
Steam Machineari dagokionez, “bideojoko gehienek ondo funtzionatzen dute 4K /60 FPS aukerekin, FSR eskalatze sistema erabilita”. Dena den, bideojoko batzuek FSRaren errendimendu aukerak erabiltzea eska dezaketela diote: kasu hauetan “segundoko fotograma tasa baxuagorekin eta berrizte tasa aldakorrarekin (VRR) zein 1080p-ko bereizmenarekin” jokatzea gomendatzen dute. Diotenez, VRR aukerak hobetzeko lanean darabilte “hainbat angelutatik”.
RAMa eta biltegiratzea aipatzen ibili garenez, hauek hobetzeko aukera egongo da Machinean, dakartzan NVMe 2230 edo 2280 SSDak zein DDR5 SODIMM RAM moduluak aldatuta. Gainera, aurrealdea apaintzeko plakak etxean sortu ahal izateko CAD fitxategiak banatuko dituzte etorkizunean: modu horretara, Valvek ofizialki sortutakoez gain, bestelakoak modu errazea prestatzea ahalbidetuko dute.
Errealitate birtualeko Frame kaskoen harira, “modularrak eta hedagarriak” izateko prestatzen omen dabiltza. Adibidez, ez da Lighthouse aukerarekin bateragarria izango, hasiera batean behintzat, komunitatearekin eta enpresekin elkarlanak zein gehigarriak bideratzeko atera irekita utzita.
Betaurrekoekin erabiltzeko aukera aipatzen dute; izan ere, VR kaskoen muga handietako bat tamaina da. Betaurrekoen armazoiaren arabera erabili ahalko dira Framekin batera.
Bukatzeko, Valvek egin ohi duen modura, aurreko Valve Index kaskoak mantentzeko eta eguneratzeko asmoa agertu dute.
Game Erauntsiatik artikulu sakonak eskaini genizkien Steam gailu berriei: alde batetik, iragarpenean xehetasunak eta zehaztapenak aditzera eman genituen; bestetik, ARM prozesadoreetarako prestatzen ari diren FEX teknologiak ekar ditzakeen berrikuntzak aipatu genituen erreportaje berezian.
Lander Unzueta
Iruzkinak