Epaiketara doa Valve: bere plataforman erositako bideojokoen eduki gehigarriak Steamen bertan erosi behar izatea salatzen du Vicki Shotbolt-ek, besteak beste.
Steam You Owe Us (Steam, zor diguzu) izeneko enpresak Valven bideojokoen plataforma Erresuma Batuko auzitegietara eramango du. 656 milioi libra ordaintzeko eskatzen dio Steamen arduradunei, monopolio joerekin gailentzen saiatzeagatik.
Salaketan aipatzen denez, hamalau milioi erabiltzailek Steam erabilita “beharrezkoa baino gehiago ordaindu” dutela nabarmentzen da. Hori egiteko bidea garatzaileei eta argitaletxeei “gehiegizko artesariak ezartzea eta kobratzea” dela aipatzen du Vicki Shotbolt haurren eskubide digitalen babesleak abiarazitako taldeak. Hau da: bideojokoak beste plataformetan merkeago eta lehenago saltzea eragozten omen die Valvek, Steami lehentasuna emanik, eta “lehiakortasuna murriztuz”. Steamek bere plataformara jotzen duten enpresei “parekidetasuna” eskatzen die, baita: beste plataforma berean jokoaren prezioa beheratzen badute, Steamen ere gauza bera egitea.
Are gehiago, Steam bidez erositako bideojokoen DLCez gozatu ahal izateko, eduki gehigarriok Steamen bertan erosi behar izatea da salaketak aipatzen duen beste gaietako bat: Epic Games Store-ko DLC batek ez duela Steameko jokorako balio, hortaz. “Produktuok legez kanpo lotu, eta eroslearen aukerak mugatu dituztela” aldarrikatzen du Shotboltek.
Garatzaileei eta enpresei ezarritako kuota, “bidegabekoa”
Horri lotuta nabarmentzen da Steamek bideojokoen arduradunei kobratzen dien % 30eko zerga: hau “bidegabekoa eta gehiegizkoa dela” adierazten du Shotboltek.
Salaketa 2024. urtean bideratu zen, baina auzitegiek orain onartu dute, epaiketa prozesua abiarazita. Erabakia harritzekoa izan da bideojokoen industriarentzat: aipatutako % 30eko kuota beste hainbat plataformetan ikus dezakegu, Nintendo, PlayStation edo Xbox barne.
Zerga horrekin, besteak beste, bideojokoa argitaratu eta mantendu ahal izateko azpiegitura —Steamworks zerbitzu sortaren baitan— eskaintzen dute Steamen arduradunek: eguneratzeak, online zerbitzuak eta bestelakoak sartzen dira kuotarekin.
Steam kodeen sistema aipatzekoa da, dena den. Bideojokoaren salmenta kopuruaren arabera, argitaletxeek eta sortzaileek kode edo giltz kopuru bat sor dezakete, inolako kosturik gabe, hauek banatzeko, oparitzeko zein beste saltoki digitalei —Fanatical, Humble Store, GreenManGaming, etab.— saltzeko. Valvek behin eta berriro azpimarratu du aukera hau monopolio salaketei aurre egiteko.
Ez da Shotbolten enpresak Valven kontra egiten duen lehen aldia; dirudienez, 2023tik ari da salaketekin. Antzeko beste ekimen batzuk existitzen dira —adibidez, PlayStation You Owe Us—, baina Shotbolt ez da horien atzean aurkitzen.
Epaiketak aurrera egingo du datozen hilabeteotan: adi egongo gara bertan ondorioztatutakoak ezagutzeko.
Lander Unzueta
Iruzkinak