Demoen jaialdia proposatu dute berriz Steamekoek. Ehundaka froga bildu dituzte udazkeneko ekimenean, eta horietako batzuk frogatu ditugu.

Garatzaile independente txikiek prestatzen ari diren bideo-jokoak ezagutzera emateko aukera bikainean bilakatu da Valve-koek antolatutako Steam Next Fest ekimena. Etorkizun hurbilean argitaratuko diren obren demoak nabarmentzea du helburu jaialdi honek, garatzaileei askotariko tresnak eskainita.

Udazkeneko edizioak ehundaka joko bildu ditu. Guztiak frogatzea eta horien inguruan hitz egitea ezinezkoa da, baina Steameko erabiltzaileek beraien gustukoak izan daitezkeen lanak aurkitzeko baliabideak eskaintzen ditu plataformak: desiratuen zerrendan gordetako jokoen demoak baldin badaude horiek nabarmentzen ditu, eta jokalari bakoitzari gomendatutako demoen zerrenda ere ikusgai dago webgunean, baita ekimenean zehar arrakastatsuenak izan direnak erakusten dituen zerrenda ere.

Nik jokatu ditudan lanik aipagarrienetako batzuk laburbilduko ditut artikuluan. Ziur nago dozenaka bideo-joko interesgarri utzi ditudala frogatu gabe, bota beraz zuon gomendioak!

 

Tunic / Andrew Shouldice / Abentura

Aspalditik neukan Tunic-era jokatzeko asmoa. The Legend of Zelda zaharren bidea jarraitzen du Andrew Shouldice garatzaileak bakarka sortutako lan honek, estetika koloretsu eta ederra Dark Souls sagatik ateratako mekanikekin batuta.

Esplorazioa eta borrokak dira nagusi azeritxo zaldun baten kontrola hartuta. Nintendoren sagan ohikoak diren puzzleak bota ditut faltan, baina bestalde antzekotasun handiak ditu Tunicek bertako jokoekin: ikuspegi zenitala, ezpata eta ezkutua, altxorrak eta ziegak.

Borroketan arerioak markatzeko aukera dago, erasoak itzulipurdika saihestea posible izanik horien inguruan bueltaka gabiltzan bitartean. Horretarako neke barra dago: eraso egiteak ez du hustutzen, baina bai itzulipurdiek edo erasoak ezkutuarekin gelditzeak. Nekea kudeatzea ezinbestekoa da beraz borroketatik bizirik ateratzeko: estetika koloretsua duen arren arerio batzuen aurkako lehiak ez dira batere errazak, eta hainbatetan akatu naute demoan.

Kokaleku ederrak esploratu daitezke Tunicen, eta demoan pare bat soilik bisitatzen diren arren Shouldice lan interesgarria egiten ari dela ikusi daiteke. Grafiko xarmagarriak dituen arren, arerio batzuen modeloak oso sinpleak dira, eta horiek jokoa argitaratu aurretik txukuntzea espero dut. Itxura bikaina dauka obra honek, baina garatzaileak ez du zehaztu noizko izango duen prest.

Tunic PCan zein Xbox kontsoletan estreinatuko du Finnic-ek.

 

Young Souls / 1P2P Studio / Beat ‘em up

Bi dimentsioetako brawler honen estetikak hasiera batetik erakarri ninduen, baina jostagarritasuna ere nabarmentzekoa dela esan dezaket. 1P2P estudio frantsesa garatzen ari den beat ‘em up estiloko Young Souls honetan Jenn eta Tristan anai-arreben kontrola hartuko dugu.

Arkade jokoen jostagarritasuna duen arren, istorio sakona duen lana izango da abentura. Demoak bi atal desberdin ditu. Lehenengoan maila sinplea aurkezten digute: hiri batean aurrera egin eta etsaiak akatu beharko dira, oinarrizko tutorial bezala funtzionatuta. Bertan atal grafikoaz gozatu nuen arren, beat ‘em up xume bat izango zela pentsarazi zidaten garatzaileek, baina guztia aldatu egin zen bigarren atalera iristerakoan.

Young Soulsek esplorazioa, ziegak eta RPG elementuak dituela ikusi nuen bertan. Heroien ekipamendua hobetu eta mailak igotzen joango gara, ziegetan gero eta sakonago murgilduz goazen bitartean. Estatistika desberdinak dituzten armak eta arropak batuko ditugu, bakoitza ahalmen bereziekin, dungeon crawlerra izango balitz bezala.

Kokaleku bakoitza pertsonaien maila bati zuzendutakoa izango da, eta bukaeran etsai nagusien aurka egin beharko dute protagonistek. Jokoaren oinarrizko mekanikak horiek badira ere, herrira bidaiatzeko aukera egongo da bertako bizilagunekin hitz egin, minijokoetan parte hartu eta erosketak egiteko.

Asko harritu nau 1P2P prestatzen ari den jokoak. Zerbait xumea eta polita izatetik proposamen benetan interesgarria eratzera iristen da Young Souls. Istorio aldetik lan erakargarria eratzen badute, jostagarritasun mekanikekin batera abentura bikaina osatu dezakete frantsesek.

Young Soulsek ez dauka argitaratze datarik, baina arduradunek “laster” kaleratzea espero dute PC, PS4, Xbox One eta Switch plataformetan, urtea bukatu aurretik. Google-n Stadia zerbitzuan dagoeneko jokatu daiteke.

 

EX-Zodiac / Ben Hickling / Akzioa

SNES-eko lehen Star Fox jokoaren ikaslea da Ben Hickling prestatzen ari den EX-Zodiac abentura. Poligono gutxiko 3D estetikarekin, espazio ontziaren aginteak hartuta arkade estiloko mailak gainditu beharko ditugu dozenaka etsai eta robot akatuta.

Demoak bi maila desberdin aurkezten ditu jokoaren oinarriak ezagutzera emateko. Star Foxen zalea bazara, antzekotasun handiak dituela nabariko duzu lehen unetik, eta ez dira atal grafikora mugatzen. Kontrolak ziztu bizian ikastekoak dira, eta minutu gutxitara erasoak saihesten eta arerioak suntsitzen ibiliko gara.

Barrel roll mugimendua egin, bonbak jaurti eta jarraitzen dituzten tiro kargatuak erabiliko ditugu bideo-jokoan. Jokoan zehar pertsonaia protagonistek hitz egiten badute ere, Star Fox klasikoaren antzeko soinuak eginez gainera, istorioa bigarren mailara pasatzen da. Akzioa bizi dugun bitartean ez gara hizketaldiak irakurtzen ariko, espazio ontziak gidatzera fokuratuta egotea derrigorrezkoa baita.

Azpigenero honetako jokoak faltan botatzen dituztenentzako lan aproposa da EX-Zodiac. Demoa azkar batean gainditzekoa bada ere gehiago jokatzeko gogoekin utzi nau: ezinbestekoa halako arkade joko batentzat.

EX-Zodiac 2022 hasieran estreinatuko da Steamen.

 

Fallen Aces / Trey Powell eta Jason Bond / FPS

Doom eta Wolfenstein, gidoi sakonarekin eta noir komikien girotze eta estetikarekin. Hori da Fallen Aces interesgarriaren proposamena. Lehen pertsonako tiro joko honetan gangsterrak akatuko ditugu; demoan maila bakarraren zati bat eskaintzen digute, gure helburua mafian infiltratutako emakume bat bilatu eta salbatzea izanik.

FPS generokoa dela aipatzen duten arren, tiroak bigarren mailakoak izango dira Fallen Acesen. Horren ordez kokalekuetan sakabanatutako objektuak borroketarako erabiltzen ikasi beharko dugu: botilak, aulkiak, burdinezko hodiak eta bestelakoak batzea laguntza baliagarria izango dira bizirik jarraitzeko.

Ez hori bakarrik, isilpean aritzeko mekanikak ere prestatu dituzte, bizitza barra galdu gabe arerioak akatzen joateko lagungarria: itzaletan ezkutatzerakoan mafiosoen begibistatik kanpo geratuko gara.

Modu horretara, erabakiak hartzeko aukera eskainiko digu jokoak. Aurrera egiteko hainbat arerioren aurka egingo dugu edo beste bide bat bilatzen saiatuko gara? Gure esku dago, eta gainera istorioan eragina izango dute gure erabakiek.

Proposamen bikaina da Fallen Acesena: girotze berezia ez da noir komikietara soilik mugatzen, superheroien kutsua ere badauka-eta, agente sekretu eta pertsonaia bitxiez osatutako istorioa eratuta. Doomen oinarriak baditu ere ezaugarri propioak dituen lana egiten dabiltza garatzaileak. Irakurritakoak erakarriz gero, ez galdu frogatzeko aukera.

Fallen Aces PCan kaleratuko da “laster”.

 

War Mongrels / Destructive Creations / Estrategia

Akzioa eta estrategia batzen dituen abentura izango da Destructive Creations prestatzen ari den War Mongrels. Commandos, Shadow Tactics edota Desperados obren proposamena jarraitzen du honek, Bigarren Mundu Gerrako girotzearekin.

Demoak tutorial bezala funtzionatzen du. Ez da frogarik interesgarriena, halako jokoetan testu mordoa eta erritmoa gelditzea suposatzen baitu, baina beharrezkoa da oinarrizko mekanikak ezagutzeko. Hainbat pertsonaia kudeatu beharko ditugu, bakoitza bere abilezia eta ahalmen bereziekin ikuspegi isometriko bidez kontrolatuta.

Ezkutuan aritzea eta aurrera egiteko estrategiak ondo antolatzekoa ezinbestekoa izango da: botilak jaurtita soldadu etsaien arreta erakarri eta hauek banaka akatu beharko dira, tiroketak alboratuta. Izan ere, egiten ditugun zarata maila kontrolatzen ez badugu segituan hilko gaituzte.

Tutoriala makaltxoa izan arren bideo-joko desberdin eta interesgarria izango dela dirudi. Denbora errealeko estrategia jokoen zaleentzako aproposa, eta gainera atal grafiko harrigarriarekin. Behin betiko bertsioak bi jokalarirentzako multijokalaria edukiko du gainera, are erakargarriagoa eginik.

War Mongrels PCan estreinatuko da urriaren 19an.

 

Haiku, the Robot / Mister Morris Games / Metroidvania

Frogatu ditudan demoen artean gogokoenetarikoa, zalantzarik gabe. Bi dimentsiotako pixel art estetikadun abentura ederra da Haiku, the Robot. Kickstarter bidez finantzatutako metroidvania honetan robot txiki bat gidatuko dugu mundu ezezagun eta arriskutsua zeharkatzen.

Makinaz beteriko kokaleku labirintikoetan saltoka eta ezpatarekin erasoka joan beharko gara, etsai nagusiak garaitu eta abilezia bereziak eskuratu bitartean are toki gehiago esploratu ahal izateko. Metroidvania bat, bai.

Hollow Knight apartarekin ikaragarrizko antzekotasunak ditu Haikuk. Misterioz betetako istorioaz gain, jostagarritasuna kontuan hartzekoa da. Abilezia gutxirekin hasiko gara, eta zaila izango da aurrera egitea. Laguntzak jasoko ditugu, baina: giltza ingeles batekin uneoro bizitza berreskuratu daiteke baina momentu aproposak hautatu beharko dira, robota konpontzeak denbora darama-eta. Gainera, diru bezala funtzionatzen duten torlojuak xahutuko ditugu konponketak egin nahian, beraz kontuz ibili beharko gara.

Demoan jokoaren lehen guneak zeharkatuko ditugu, pare bat etsai nagusi garaituta. Eskuratzeke dauden abileziak gutxi badira ere, jokatzen jarraitzeko desiratzen utzi nau Haikuk.

Argitaratze datarik gabe, PCan zein Switch kontsolan argitaratzea aurreikusten du Mister Morris Games estudioak.

Steam Next Fest jaialdiak ehundaka demo eskaintzen jarraituko du urriaren 7ra arte.