Ehundaka bideojokoren frogetara jokatzeko aukeraz gain zuzenekoak eta elkarrizketak egingo dituzte otsailaren 28ra arte.
Azken hilabeteetan sekulako indarra hartzen joan da Steamen antolatzen den Next Fest ekimenak. Ezagutzen ez baduzu, honen erabateko protagonistak bideojokoen demoak dira: ehundaka eskainiko dituzte gaur bertan hasiko duten ekitaldian.
Hori horrela, gaurtik otsailaren 28ra arte iraungo du Steam Next Festek. Ekimenarekin garatzaile txikiei zein ertainei ikusgaitasuna eskaini nahi diete Valvekoek: jokoak ezagutzera eman eta hauek jokalariei hurreratzeko bidea da.
Horrekin laguntzeko garatzaileek zuzenekoak eskaini eta elkarrizketak eman ditzakete zazpi egun hauetan. Ez da harritzekoa izango jarraitzen duzun joko txiki horren arduradunak ikustea egunotan.
Oraindik ez dituzte zehaztu bertan probatu ahalko diren demo guztiak; are gehiago, gutxi batzuk baino ez dira ezagutzen momentuz. Horien artean dago Pharaoh: A New Era interesgarria. Aurreko ekimenean 500 bat froga bildu zituztela jakinda, oraingoan are gehiago egotea espero da. Nola ez, guztiak doakoak izango dira.
Steam Game Festival izenarekin abiarazi zuten lehenengoz ekitaldia 2019. urtean. Edizio bakoitzean geroz eta arrakasta handiagoa lortuta, zaleen artean arrakasta handia lortu duen proposamena da. Joko berriak ezagutu zein aurretik jarraitzen dituzunak probatzeko aukera ezin hobea da Valven jarduerarena.
Joan den udazkenean, esate baterako, jardunaldiko ezkutuko altxorrak errepasatzeari ekin genion Game Erauntsian: Tunic, War Mongrels, Haiku the Robot eta bestelako bideojoko bereziei buruz hitz egin genuen.
Iruzkinak