Beste behin, garatzaile handiekin zein txikiekin batu da Valve beren jokoak zabaltzen laguntzeko. Horretarako, ehundaka proba eskaini dituzte saltoki digitalean.
Bideojokoen munduko azken urteetan egiten den ekitaldirik interesgarrienetako bat da, inolako zalantzarik gabe, Steamekoen Next Fest jaialdia. Gehienok ezagutuko duzue, baina bere premisa benetan sinplea da: ehundaka demo biltzen dituzte, horiek gure gustuen arabera iragazteko tresnak eskainita.
Erreminta horiei esker genero, interes orokor, balorazio eta beste hainbat aldagaien artean bila dezakegu ezkutuko altxorrak ezagutzeko; hala eta guztiz ere, horrenbeste tituluren artean zaila izaten da onenak nahiz interesgarrienak hautatzea.
Hori dela eta, jokatzen gabiltzan obrarik berezienen zerrendatxoa egin dugu beste batez. Ezagutu itzazu datozen hilabeteetan estreinatuko diren bideojokorik interesgarrienak gurekin!
One Last Breath
Moonatic Studios-eko nafarrek azkenik eskaini digute beren lehen lanera jokatzeko aukera. Aurretik esan izan dugun modura, One Last Breathek Inside eta Limbo bezalako lanak hartzen ditu inspiraziotzat.
Suntsitutako Lurra salbatzeko puzzle sinpleak gainditzen ibiliko gara batez ere. Aipatutako jokoetakoak gogora ekartzeaz gain, The Legend of Zelda sagako buru hausgarrien kutsua nabari da. Gaia protagonistaren botereak erabilita, landareen erroak mugituko ditugu bide berriak irekitzeko; kaxak eta bestelakoak mugitzen ibiliko gara, baita munstro beldurgarriengandik ihes egiten ere.
Egia da demokoak nahiko errazak direla, baina jokoan aurrera egin ahala zailtasuna areagotzen joango dela aurreikustekoa da.
Nafarrek egindako girotze lana aipatzekoa da. Lantegiak, basoak eta zelaiak zeharkatuko ditugu: guztiek dagoeneko ahaztutako mundu ederra gogoraraziko digute. Tristezia eta naturaren galera dira ardatzak, eta horrek aurrera egitera bultzatuko gaitu. Joko txiki zein ederra: demoa probatzeak benetan merezi du.
- Garatzailea: Moonatic Studios
- Generoa: Puzzleak, abentura
- Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch, PC
- Argitaratze data: 2022
- Demorako esteka
IDEA
Bilboko TLR Games-ekoek —antzinako Delirium Studios-eko kide batzuez osatua— ez dituzte ohiko jokoak egiten. The Longest Road on Earth interesgarriarekin titulu berezia eratu zuten, eta antzekoa egitera datoz IDEArekin.
Norbere ideiek munduan zehar bere bidea aurkitzea proposatzen du joko honek. Horretarako, bonbila bat gidatuko dugu Olli Huttunen zinemagilearen 4K bereizmeneko paisaietatik. Saguarekin bonbila sakatuta gune bakoitzean hiru aldiz bultzatu ahalko dugu: gure helburua ahalik eta urrunen iristea izango da autoak, etxeak eta bestelako oztopoak saihesten dugun bitartean.
Trabatuta geratuz gero, lasai: Gure bonbila ideia batean bilakatuko dugu: mezu bat, bertso bat, hausnarketa bat idatzita, beste jokalariek aurkitu eta gorde ahalko dute.
Mekanika aldetik joko sinplea izan arren, geroz eta urrunago iristearren erronka horrek beste partida bat botatzera animatzen zaitu; hortaz, beste ezer izan gabe gatibatzea lortzen duen obra da, zalantzarik gabe. Halere, ideiak partekatzearen ezaugarriarekin zerbait berezia eta ederra prestatzen ari dira bilbotarrak.
- Garatzailea: TLR Games
- Generoa: Puzzleak
- Plataformak: PC
- Argitaratze data: Zehaztu gabe
- Demorako esteka
The Silent Swan
Walking Simulator batean lanean dabiltza Studio Circenseko nafarrak. Mirov Kavrazyma-n bilakatuko gara, eta helburu nagusia Selene emaztea harresi barneko lurraldeetan aurkitzea da.
Ibilaldi luzeak —txirrindu berezietan ibiltzeko aukera ere badaukagu—, hizketaldiak, misterioa eta hausnarketak proposatzen ditu Firewatch bezalako jokoetatik inspirazioa hartutako proiektu honek.
Esanguratsuena, zalantzarik gabe, bere estetika ikusgarria da. Ikaragarrizko hiria esploratzen ibiliko gara; kaleetatik, zubietatik eta dorreetatik galtzeak merezi du Ekain Zarraua eta bere kideek eratutakoez gozatzeagatik bakarrik.
- Garatzailea: Studio Circenses
- Generoa: Walking Simulator
- Plataformak: PS5, PS4, PC
- Argitaratze data: 2022 bukaera
- Demorako esteka
Cult of the Lamb
Indie garatzaileen artean une honetan indar gehien duen bideojokoa da, ziurrenik, Cult of the Lamb. Demoak argi uzten zergatik: The Binding of Isaac-en estiloko akziozko roguelike jokoak Don’t Starve eta Animal Crossing bezalako tituluekin batzen ditu. Aldi berean, estetika polita erritual satanikoekin eta munstro beldurgarriekin nahasten du Massive Monster-en lanak.
Demoa laburra bada ere, mekanika horiek guztiak probatzeko aukera eskaintzen du. Jokoaren hasieratik abiatuta, maila pare bat gaindituko ditugu, eta gure herrixka kudeatzen hasi. Ausazko elementuak nagusi izango diren arren, gure herritarrak biltzen eta eraikinak hobetzen joan ahala gero eta baliabide gehiago izango ditugu gure jainko iluna indartzeko.
Probatutako demoetatik borobilena iruditu zait; ez da harritzekoa, abuztuan estreinatuko den jokoa baita. Atera dituzten dozenaka trailerrekin zure arreta erakartzea lortu badute, proba ezazu demoa.
- Garatzailea: Massive Monster
- Generoa: Roguelike, akzioa
- Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch, PC
- Argitaratze data: 2022-08-11
- Demorako esteka
Nine Sols
Akzioa, plataformak eta metroidvania elementuak batzen dituen bi dimentsioko obra itxurosoa dugu. Katu antropomorfiko baten rola hartuta lurrazpiko lantegi beldurgarri bat esploratzea proposatzen du RedCandleGames-ekoen demoak.
Borrokak izango dira nagusi, eta horietatik garaile ateratzeko mekanika interesgarriak prestatu dituzte. Kontraerasoa edo parry-a izango da mugimendu garrantzitsuena: une egokian etsaien erasoak desbideratzea eta ondoren ezpatarekin edo zigilu leherkorrekin akatuko ditugu.
Sekiro: Shadows Die Twice bikainean gertatu modura, mekanika gogobetegarria da; une egokian erabiliz gero gitarra txinatarraren akordeak entzungo ditugu, duelu biziekin eta ikusgarriekin nahastuta.
Istorioa ere nabarmentzekoa da: jainkoei aurre egin beharko diegu Yin-ekin batera. Hasiera batean uste baino askoz ere ilunagoa da; izan ere, burua moztutako helduen zein haurren sakrifizioekin hasten da abentura.
Obra benetan interesgarria dabiltza prestatzen taiwandarrak; desiratutako jokoen zerrendara joan da zuzenean.
- Garatzailea: RedCandleGames
- Generoa: Akzioa, metroidvania
- Plataformak: PC
- Argitaratze data: 2022 bukaera
- Demorako esteka
Master Key
Zelda klasikoen estiloko bideojoko ederra. Game Boyko jokoen estetika hartzen du zuri beltzean. Azeritxo baten rola hartuko dugu —bai, Tunic-en moduan— eta mundu zabal bat esploratzeari ekin ikuspegi zenitalarekin.
Ziegak, objektuak, pertsonai alaiak eta retro musika polita biltzen ditu. Borroka sinpleak biziko ditugu demoan, baina gero eta tresna gehiago izan ahala dueluak zailagoak izango direla suposatzekoa da.
Zeldazalea bazara, zuretzako aproposa. Estetikaren ondorioz batzuetan zaila egiten da pertsonaiak eta arerioak identifikatzea, baina girotzea oso lortuta dago.
- Garatzailea: Achromi
- Generoa: Abentura, esplorazioa
- Plataformak: PC (kontsolak zehaztu gabe daude oraindik)
- Argitaratze data: Zehaztu gabe
- Demorako esteka
BioCrisis: Return 2 the Lab
Time Crisis eta House of the Dead errail gaineko tiro jokoak omentzera dator. PSX-ko jokoen atal estetikoarekin eta tekno musika retroarekin nostalgia kutsua benetan lortuta dago.
Sagua hartuta zonbiak tirokatzen ibiliko gara. Konboak eratzea garrantzitsuena; horretarako, ezingo dugu tirorik huts egin. Ibilbide desberdinen artean hautatuko dugu, kaxei tiro eginda arma desberdinak lortu, eta beste zientzialari batzuk salbatu beharko ditugu. Nola ez, maila bukaera etsai nagusi erraldoia gainditzea izango da helburua.
Etsaiak errepikakorrak dira demoan, baina hau finduz gero obra benetan interesgarriaren aurrean gaude. Arkade aretoetan pistolekin ibiltzen ginen horientzat sekulakoa.
- Garatzailea: Jim
- Generoa: Errail gaineko tiro jokoa
- Plataformak: PC
- Argitaratze data: Zehaztu gabe
- Demorako esteka
Melatonin
Rhythm Paradise dibertigarrien ordezkoa hartzera dator indie titulu hau. Ametsen munduan murgilduta erritmozko proba desberdinak gaindituko ditugu. Minijoko hauetan pizzak eta hanburgesak jaten, saltokietan erosketak egiten zein sare sozialetan edukiak partekatzen ibiliko gara.
Sinpleak izan arren, zailtasuna areagotzen joango da probak aurrera egin ahala. Gainera, gure erritmoaren esku gaude berez: ondo edo gaizki egiten gabiltzala adierazten diguten mezuez gain, ez zaigu inolako ikurrik agertuko pantailan. Zaila da, baina nire moduko erritmo gabeko pertsonentzat laguntzak eskaintzen ditu.
Hau guztia atal estetiko ederrarekin eta alaiarekin batzen du. Erritmo jokoen zalea bazara, ez ezazu galdu!
- Garatzailea: Half Asleep
- Generoa: Erritmo jokoa
- Plataformak: Switch, PC
- Argitaratze data: 2022-10-16
- Demorako esteka
Anger Foot
Devolver Digital-ekoen aurtengo aurkezpeneko izarretako bat izanik, bai ala bai probatu behar nuen. Tiro joko bizkor eta frenetiko honek SuperHot eta Hotline Miami bezalakoengandik edaten du: lehen pertsonako ikuspegiarekin etsaiez betetako maila laburrak ahalik eta azkarren gainditzea proposatzen du.
Ostikoka zein tiroka ibiliko gara horretarako. Etsaiak zein gu hiltzea benetan erraza izango da; horrela izanik, gure erreflexuak ezinbestekoak izango dira bizirik jarraitzeko.
Premisa interesgarria izan arren, uste baino gutxiago gustatu zaidala esan beharra daukat: zerbait falta zaiola sumatu dut. Hala ere, Free Lives-en bideojokoa datorren urtean argitaratuko da; oraindik hobetzeko eta fintzeko denbora dute, oinarria ona baita.
- Garatzailea: Free Lives
- Generoa: Lehen pertsonako tiro jokoa
- Plataformak: PC
- Argitaratze data: 2023
- Demorako esteka
Iruzkinak