Beste behin ehundaka demo eskaintzea da jardueraren helburua: laster estreinatuko diren tituluak dira ardatz.
Urteko asterik berezienetakoa hasi da ordenagailuko jokalarientzat. Steam Next Fest bueltan da: demoak protagonistatzat dituen ekimena gaurtik otsailaren 13ra arte egingo dute Valvekoek.
Egitura betiko berbera izango da: ehundaka bideojokoren doako probak eskainiko dituzte saltokiaren arduradunek garatzaileekin elkarlanean. Nahiz eta zerrenda osoa oraindik iragarri gabe dagoen, hainbat nabarmendu dituzte argitaratu duten bideoan: Rushaway, Dungeon Drafters, Ghostland Yard zein The Last Case of Benedict Fox desiratua agertzen dira trailerrean.
Horrenbeste demorekin, baina, ez da batere erraza aukeraketa egitea; edonola ere, proposamen berriak zein dagoeneko ezagutzen genituen probak aurkitzeko bilatzaile aurreratua prestatuko dute Valvekoek. Ohi bezala, gure desiratuen zerrendan dauden bideojokoak nabarmenduko dituzte ekimenaren webgunean. Horrez gain, jokatuenak zein desiratuenak jarraitzeko tresnak ere eskainiko dituzte. Gozamen hutsa altxor ezkutuen bila dabiltzanentzat.
Demoak astebetez azpimarratuko dira saltokian, baina ez dira zertan desagertuko; izan ere, zenbait garatzailek probak eskaintzen jarraitu ohi dute behin Next Festa bukatutakoan.
Bukatzeko, garatzaileei egindako elkarrizketentzako eta zuzeneko berezientzako lekua ere egongo da egunotan.
Steam Next Festa gaur 19:00etan abiatuko da, eta otsailaren 13an ordu berean bukatuko.
Iruzkinak