ArcRacer, Dungeon Golf, Steamworld Build eta beste hainbat proba eskainiko dituzte garatzaileen zuzenekoekin eta elkarrizketekin batera.
Steam plataformaren ekimen nagusienetako zein interesgarrienetako bat abiatuko du, beste behin, Valve enpresak. Steam Next Fest jaialdiak ehundaka bideojoko batuko ditu gaurtik hasita ekainaren 26ra arte.
Hori horrela, 19:00etan abiatuko dute ekitaldia. Steameko orrialde nagusian agertuko zaigu, beti bezala, jaialdiari zuzendutako atal berezia. Eskaintzaren baitan “laster” estreinatuko diren tituluen doako probak daude: arduradunek dioten bezala, “estreinatzear dauden jokoen ospakizuna” da. Garatzaile handiek zein txikiek parte har dezakete; ohikoena, baina, indie estudioen lanak ikustea izaten da.
Egia esan, horrenbeste jokorekin zaila izaten da benetan arreta erakartzea lortzen duten horiek aurkitzea. Eragozpen txiki hori ezabatzera dator Valvekoen bilatzaile aurreratua: bertan generoz iragaz ditzakegu jokoak, baita jokatuenez edo desiratuenez ere. Ezinbestekoa aste osoa jokatzen eman nahi dutenentzat.
2023ko udako Steam Next Fest honetan agertuko diren jokoetako batzuk ezagutzeko aukera eduki dugu jadanik: ArcRacer, Darwake: Awakening from the Nightmare, Pacific Drive, Dungeon Golf, Super Woden GP 2 edo Steamworld Build dira Steamekoek prestatutako bideoan azaltzen direnetako zenbait.
Demoez baino gehiagoz goza dateke jaialdia: parte hartuko duten estudioen garatzaileak euren jokoetara ariko dira zuzeneko berezietan. Horrez gain, zaleen galderak erantzuteko prest egongo dira.
Aipatu modura, 2023ko udako Steam Next Fest ekainak 19-26 bitartean ospatuko da. Doako demo guztiak Steam saltokian bila nahiz deskarga daitezke.
Iruzkinak