Ehundaka demo elkartu ditu Valve-koen proposamenak. Igandera arte iraungo du, baina ostean ere zenbait probatan jokatzeko aukera egongo da.
Valvek 2023ko hirugarren Steam Next Fest ekimena abiatu du. Joan den astelehenetik demoen jaialdiaz gozatzen dabiltza milioika erabiltzaile, datozen hilabeteotan estreinatuko diren bideojokoen probak deskargatuz, instalatuz eta jokatuz.
Demoen kopurua hazten doa Next Fest bakoitzarekin, eta 2023ko udazkenekoa ez da desberdina izan. Ehundaka joko bildu dituzte, bai garatzaile handienak, bai talde independente txikienak.
Oraingo eskaintzan Stronghold Definitive Edition, Holstin, The Last Exterminator, Star Ocean: The Second Story R, Another Crab’s Treasure, Enshrouded, Japanese Drift Master, Robocop: Rogue City edo Foundry bezalako lanak bildu dituzte, beste hainbaten artean.
Nabarmentzekoa da aurreko jaialdietan parte hartu duten jokoak ezin dezaketela oraingoan izena eman. Hortaz, ehundaka demo horiek guztiz berriak dira: ez ditugu beste ekimenetako lanak errepikatzen ikusiko.
Jaialdiari zuzendutako gune berezia ireki dute, ohi bezala. Bertan demoen zerrenda aurki dezakegu, baita hauen bilaketa errazteko tresnak ere. Jokoak generoka sailka ditzakegu, adibidez, baina jokatuenen edo desiratuenen artean ere bila daiteke.
Dena den, Steamek beste hainbat erreminta eskaintzen dizkigu gure gustuko tituluak aurkitzeko. Gainera, garatzaileen zuzenekoak eta elkarrizketak ere ikus ditzakegu.
Igandean 19:00etan bukatutzat emango dute Next Festa. Hala ere, bertan eskainitako zenbait demo Steamen aurkitu ahalko dira.
Iruzkinak