Garatzaile handien zein txikien hurrengo proposamenak probatzeko jaialdiak geroz eta jokalari gehiago erakartzen ditu. Urriaren 20an bukatuko da.
Steam Next Fest berria abiatuko du gaur Valve-k. Ohi bezala, argitaratzear dauden bideojokoen probak biltzen dituen ekimenak ehundaka titulu jasoko ditu.
Gaur arratsaldetik urriaren 20ra arte aurkituko dugu jaialdia Steam saltokian. Orri nagusian 19:00etatik aurrera ikusiko dugun atal berezian sartuz gero, demo guztiak zein gure interesekoak izan daitezkeenak kuxkuxeatzeko bilatzaile erabilgarria ageriko zaizkigu.
Ultimate Sheep Raccoon, Reanimal, Winter Burrow, Key Fairy, Umigame, Mad King Redemption edo My Little Puppy dira Valve-koek ekimenaren bideo ofizialean nabarmendutakoak, baina, esan bezala, askoz gehiago egongo dira.
Bideojoko euskaldunentzat txokoa ere izango da, beste behin, oraingoan joko bilbotarrak bilduz: Gaua Games-en Darby is Here Forever zein Relevo estudioaren Terrifier The ARTcade Game ariko dira jaialdian parte hartzen.
Gogoratzearren, Steamen baitan antolatzen diren ekimenetatik interesgarriena izatera igaro da Next Festa. Denetariko estudioek eta sortzaileek parte hartzen dute, eta ezkutatutako altxorrak ezagutzeko bide aproposa dira; are gehiago, bideojokozaleek aurkitutako obra interesgarriak partekatzeko ohitura hartu dute, beste modu batera galduta geratuko liratekeen bideojokoak aditzera emanez.
Horren arrakastatsua da jarduera, urtean geroz eta gehiago antolatzeko ohitura hartu dutela Valvetik: 2025eko hirugarrena —eta azkena— izango da urrikoa, aldez aurretik otsailean eta ekainean egindakoekin batera.
Game Erauntsiako irakurleok ere titulu bereziren bat aurkituz gero, parteka ezazue iruzkinetan edo gure Telegram taldean!
Iruzkinak