Astebete iraungo du Valve-n plataformaren ardatzetako bat bilakatu den jaialdiak.
Steam Next Festaren 2026ko lehen ekimena abiatuko du gaur Valvek. Denshattack!, Speedrunners 2 zein Replaced jokoen probak eskainiko ditu, besteak beste, oraingoan.
Gogoratzearren: demoen jaialdia proposatzen du Next Festak. Ehundaka bideojokoren probak bilduta, iristear dauden titulu gehienbat ezezagunak dira protagonista: The Eternal Life of Goldman, Damon and Baby, Teenage Mutant Ninja Turtles: Empire City edo Moomintroll: Winter’s Warmth aurkituko dituzte jokalariek.
4.000 bat bideojoko aurkeztu dira hurrengo jaialdira —nahiz eta azkenean ez duten guztiek parte hartuko—; horietatik, 140 bat bideojokok omen dituzte 3.000 jarraitzaile edo gogoko baino gehiago. Ekimenaren arrakastarekin batera, argi dago garatzaile eta talde txikientzat jokoak aditzera emateko bide ezin hobea dela Next Festa.
Izan ere, ekitaldiaren orrialde nagusian demoak eta proposamenak topatzeko bilatzaile aurreratua aurkituko dugu: generoaren, gaiaren, multijokalariaren, prezioaren eta bestelako aukeren artean iragazteko aukerak biltzen ditu.
19:00etan abiatuko da jaialdia, baina demoak dagoeneko argitaratzen hasiak dira partaideak. Astebete iraungo badu ere, proposamenak ez dira desagertuko: ostean probatzeko aukera eskaintzen jarraituko dute zenbaitek.
Lander Unzueta
Iruzkinak