Urriaren 1etik 7ra bitartean egingo da Valve-koen saltoki digitalean. Demoekin batera garatzaileekin elkarrizketak eta ekimen bereziak egingo dituzte.

Zazpi egun, ehundaka bideo-joko, zuzeneko emanaldi mordoa. Hori izaten da Steam Next Fest ekimenak batu ohi duena, eta horrela itzuliko da urrian egingo duten udazkeneko edizioan. Valven plataformak etorkizun hurbilean estreinatzeke dauden jokoak frogatzeko aukera emango die erabiltzaileei, era guztietako genero, garatzaile eta bitxikeriak bilduta.

Udazkeneko Steam Next Fest hau urriaren 1ean hasiko dute 19:00etan. Astebetez eskaintzeko dituzten jokoetara aritzeko aukera emango dute, urriaren 7ra arte. Antolatzaileek nabarmendu dituzten lanen artean egongo dira Tunic, Finji estudioaren The Legend of Zelda estiloko abentura interesgarria, Octato-ren Airhead, Grimbat Tales-en Itorah, Airo Games estudioaren Life of Delta edota Devolver Digital-ekoen Inscryption karta joko bitxia, besteak beste.

Ohi bezala, demoetara mugatu beharrean garatzaileei beraien lanak aurkeztu eta horien inguruan solasaldian aritzeko bideak emango dizkie Valvekoek. Horretarako elkarrizketa bereziak zein garatzaileek egindako zuzeneko emanaldiak jarraitu ahalko dira jaialdiak iraun bitartean.

Ekimenak sekulako arrakasta edukitzen du jokalarien artean. Argi dago Valvekoek halako jarduerekin jarraitu nahi dutela; izan ere azken Steam Next Fest orain gutxi egin zuten, ekainean. Aurretik Steam Game Festival deitua, gero eta joko gehiago biltzen doa edizioek aurrera egin ahala.