Beta fasean proba dezakegu PCko bezeroan zein Steam Deck-ean. Klipak sortzeko aukera eskaintzen digu joko ofizialetan, baita Steam kanpokoetan ere.

Valve-koek ezaugarri berria iragarri dute Steam plataformarako: partidak grabatzeko eta partekatzeko game recording tresna erabil dezakegu orain.

Probatzeko, baina, beta eguneraketa jaitsi beharko dugu plataformaren bezeroarentzako. Ordenagailuko bertsio arruntean proba daiteke, eta Steam Deck gailuetan ere erabil dezakegu.

Argitaratu duten artikulu sakonean erremintarekin egin ahalko ditugunak zehaztu dituzte Valvetik. Tresna osoa dela esan dezakegu, nahiz eta betan egon: “Une garrantzitsurik galdu gabe grabatzeko” baliagarria dela diote arduradunek.

Grabaketekin hasteko bi bide ditugu: atzealdean uneoro grabatzen aritzeko konfigura dezakegu Steam, edo, bestela, bideoak guk nahi ditugunean soilik sortzeko.

Atzealdeko aukera hautatuz gero, aldi baterako grabazioaren iraupena eta honen kalitatea erabaki beharko ditugu. Hori eginda, Steamek fitxategi horrek edukiko duen gehienezko tamaina adieraziko digu. Grabazioak eskatzen ditugunean hasteko eta bukatzeko aukerarekin, bideoaren kalitateak zein laster teklak ezarriko ditugu.

Ezaugarririk sinpleenak errepasatuta, goazen elementurik interesgarrienak ezagutzera. Grabazioetatik MP4 fitxategiak atera, edo Steam barruan klipak presta ditzakegu: ondoren, hauek modu errazean nahiz azkarrean partekatzeko aukera egongo da, bai gure profilean, bai esteka edo QR kode bidez bana daitezkeen bideoetan.

Ez hori bakarrik, Steameko jokoekin funtzionatzeaz gain, plataforma kanpoko programekin ere erabil dezakegu. Hor doa adibide bat:

Bukatzeko, denbora lerroaren eta gertakizunen markatzailea aipatzen da artikuluan. Jokalariek sortutako markatzaileak izan daitezke, baina baita jokoak gehitutakoak ere: azken hauek ahalbidetzen dituzten jokoetan jazoera bereziak nabarmenduta agertuko zaizkigu grabatutako bideoetan.

Adibidez, Counter-Strike 2n jokatzen gabiltzala arerioak hiltzerakoan, bonbak ezartzerakoan eta bestelako ekintza esanguratsuak egiterakoan, Steamek automatikoki nabarmenduko ditu une horiek. Jokoaren une desberdinak ere azalduko zaizkigu: menuan gabiltzan, edo leku zehatz batean, adibidez. Beta fasean bi jokorekin soilik funtzionatzen du ezaugarri berezi honek —CS2 eta Dota 2—, baina etorkizunean titulu gehiagotan ahalbidetuko dute.

GPU bidezko kodetzearekin —Nvidia zein AMD txartel grafikoekin funtzionatzen du— bideoak grabatzeko erabiltzen den CPUari dagokion karga murrizten dela diote egileek.

Grabazio tresnaren behin betiko bertsioa prestatzen dabiltzala, “are gehiago” dute buruan: eguneraketen bidez ezaugarri gehiago inplementatuko dizkiote zerbitzuari. Aurrerapen bezala, jokoentzako indibidualizatutako doikuntzak eta ezaugarriak agindu dituzte.

Steam Game Recording zerbitzua erabiltzeko, bezeroaren beta bertsioa instalatu beharko dugu.

 

Steam Input: aginteak hirukoiztuz

Valven plataformaren ezaugarri kutunenetakoari lotutako berritasunak ere eskaini dituzte. Steam Input erremintarekin aginteen eta mandoen zerrenda zabalarentzako euskarri ofiziala gehitu dute bai plataforman, bai Windows, GNU/Linux zein MacOS sistema eragileetan.

300 bat aginte erabil daitezke Steam Input bidez, arduradunek nabarmentzen dutenez. Gehiengoak Xbox mandoekin jokatzen du: jokaldien % 59 mando hauekin burutzen da. Atzetik dauzka PlayStation aginteak (% 26) eta Steam Deck gailua (% 10).

2018tik gaur egunera arte mandoen erabilera hirukoiztu egin da Steamen: erabiltzaileen % 5 inguruk agintearekin jokatzetik, % 15 dira gaur egun teklatua eta sagua alboratu dituztenak.