Windows, iOS, Android edota Raspberry Pi gailuekin erabili daiteke; funtzionalitatea beta irekian dago Valven plataforman.
Valvek 2019ko azaroan abian jarri zuen Remote Play Together ezaugarria Steam plataforma digitalean. Funtzionalitate horrekin jokalari batek tokiko multijokalaria duten lanetara gonbidatu dezake lagun bat, horrek joko zehatz hori liburutegian izan ez arren. Orain arte bi jokalariek Steameko erabiltzailea izatea ezinbestekoa zen Play Together erabiltzeko, baina arduradunek urrats hori saihestea ahalbidetu dute.
Steameko beta bertsioan dagoeneko erabiltzailerik ez daukaten adiskideak gonbidatu daitezke partidak batera jokatzera. Windows, iOS, Android edota Raspberry Pi bidez batu daitezke; lehenago Steameko erabiltzaileak lagunen zerrendan Remote Play Togetherren gonbidapen esteka pasa beharko dio besteari. Steam Link aplikazioa instalatuta izatea ezinbestekoa izango da, erabiltzailerik sortu behar ez den arren.
Erabiltzailerik gabeko jokalari bakar bat gehitu daitekeela azaldu dute Valvekoek; erabiltzailea izanez gero hiru jokalari gonbidatu daitezke, ordea.
Jokoen eskaintza zabala
Lehen aipatu bezala, funtzio honek tokiko multijokalaria daukaten joko zehatz batzuentzat balio du soilik. Hau da, ezaugarriak bigarren jokalari birtual bat sortuko du partidan, bideo-jokoari bi aginte konektatuta daudela pentsarazita. Ondorioz, ez du sare bidezko multijokalari lanetarako balio.
Remote Play Togetherrekin erabili daitezken bideo-jokoen zerrenda osoa hemen ikus daiteke: eskaintzaren baitan Civilization VI, Left 4 Dead 2, Tekken 7, The Binding of Isaac edota NBA 2k20 bezalako jokoak aurkitzen dira.
Iruzkinak