Merkealdien artean 28 egun itxaron beharko dituzte garatzaileek beste bat ezartzeko. Martxoaren 28an aplikatuko dute eguneraketa.

Valve-koek aldaketak iragarri dituzte beren saltoki digitaleko beherapenen sisteman: garatzaileek bideojoko zehatzetarako merkealdiak egiten dituztenean lau aste itxaron beharko dituzte berriz eskaintzaren bat aplikatzeko.

Garatzaileentzako Steamworks webgunean eman dute araudiaren berri. Zehazki, 28 eguneko itxaronaldia ezarriko dute merkealditik merkealdira. Aurretik tarte hori sei astekoa zen, beraz are gehiagotan eskaini ahalko dira beherapenak; hori bai, urtaroetako edo ekimen berezietako beherapenak neurri horretatik kanpo geratzen dira, eta ez diote egun tarte horri eragingo.

Egunena ez da Steameko eskaintzei eragingo dien arau bakarra, baina: ezingo da bideojoko baten prezioaren % 90 gainditzen duen beherapenik eskaini, ezta % 10 baino txikiagoarik. Gainera, merkealdien epea ezingo da bi aste baino gehiagokoa edo 24 ordu baino gutxiagokoa izan. Bukatzeko, eskaintza abian dela edo programatuta dagoela ezingo da prezioa aldatu.

Ez dute zehaztu arau berrien zergatia, baina neurri hauekin saltoki digitalean ikusgaitasuna eskuratzeko etengabeko beherapenak saihestea bilatzen dutela suposa daiteke. Aldi berean, merketutako obren eskaintza zabalagoa edukiko du Steamek.

 

Bethesda, Steamera

Beherapenak alboratuta, Bethesdakoek bere launcher-a itxiko dutela baieztatu dute beren blog ofizialean. Hori horrela, bertan dituzten bideojoko guztiak Steamera igaroko dituzte.

Apirilaren hasieran egingo dituzte aldaketa horiek guztiak. Erabiltzaileen esku egongo da bai jokoak, bai diruzorroa migratzea; gauza bera gertatuko da gordetako partidekin, baina ezingo ditugu joko guztietako partidak eraman Steamera.

Erabiltzaileek ez dute aldaketa handirik nabarituko: bideojokoak zuzenean Bethesdaren launcherretik erosi ahal izan badira ere, gehienek Steameko liburutegian zituzten. Steametik jokoa abiarazterakoan Bethesdaren launcherra automatikoki azaltzen zen, baina orain hori ezabatu egingo dute.

Hala ere, martxoan migrazio prozesuari buruzko xehetasun gehiago emango dituztela adierazi dute.