Playstation 4ko bertsioaren ondoren argitaratuko da PCkoa. Iragarpenarekin batera Narmaya izeneko borrokalari berria ezagutzera eman dute.
Granblue Fantasy: Versus borroka joko japoniarrak PCrako bertsioa izango duela iragarri dute. Arc System Worksen azken obra martxoaren 13an argitaratuko da Steamen.
Dragon Ball FighterZ edota Guilty Gearren sortzaileak Granblue Fantasy JRPGan oinarrituta sortutako borroka jokoa da Versus. 11 borrokalariz osatutako zerrendarekin argitaratuko da; Gran, Katalina, Charlotta, Lancelot, Ferry, Lowain, Ladiva, Percival, Metera, Zeta eta Vaseraga dira oinarrizko jokoan agertuko diren pertsonaiak.
Bi DLC sorta
Borroka generoko jokoetan gero eta ohikoagoa den modura, dagoeneko DLC formatuko bi Character Pass iragarri dituzte. Lehen Character Passa bost pertsonaiaz osatuta egongo da; lehenengoa, Chaos Bringer izenekoa, doan desblokeatu daiteke.
Narmaya ezpataria izango da bigarrena, eta ongi etorria emateko trailerra argitaratu dute Arcsysekoek. Ezpatariaren ostean Soriz eta Djeeta argitaratuko dituzte; lehen Character Passeko azken pertsonaia zehaztu gabe dago. Bigarren DLC sortako pertsonaietako bat Belial izango dela iragarri dute.
PCko porta Playstation 4ko bertsioaren ostean estreinatuko da; asiarrek otsailaren 6an jaso zuten jokoa PS4rako. Ipar Amerikan datorren astean argitaratuko da Versus, martxoaren 3an zehazki. Europarako, baina, ez dute zehaztu PS4ko bertsiorako argitaratze datarik.
Iruzkinak