Uncharted: Legacy of Thieves Collection, Sonic Frontiers, Metal Slug Tactics eta beste hainbat kaleratuko diren egunak aurreratu dira.
Filtrazioen garaian gaudela dirudi. Nvidiaren Geforce Now zerbitzuak sekulako filtrazioa jasan zuen orain hilabete batzuk, esate baterako; antzekoa gertatu da orain Steam plataformarekin: saltokian kaleratzeko dauden bideojokoen argitalpen datak zabaldu dira zerbitzuaren API-aren akats baten ondoren. Bai, dagoeneko Valve-n plataforman fitxa daukaten obra guztiei buruz ari gara.
Garatzaileek Steamen bideojoko bat gehitzerakoan argitaratze data ezartzera derrigortuta daude. Hau ez da publikoa izan behar, ezta erreala ere: askotan atal hori betetzeko edozein egun jartzen dute. Hori horrela, filtrazioan ikus daitezkeen datetako asko ez dira kontuan hartzekoak. Batzuetan ohikoa izaten da noiz ez den kasurik egin behar: adibidez, abenduaren 31n kaleratuko diren jokoen kasua da.
API-aren akatsak informazio guzti hori zabaldu ondoren, SteamDB webgunea izan da guztia bildu duena. Bertara sartunda ikus daiteke zein den garatzaileek beren tituluetarako jarritako kaleratze data. Goazen datozen hilabeteetan —edo urteetan— bai Steamen, bai beste plataformetan, merkaturatuko diren nabarmenenak ikustera.
- Uncharted: Legacy of Thieves Collection – uztailak 15
- Sonic Frontiers – irailak 1
- Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge – ekainak 30
- Dune: Spice Wars – apirilak 26
- Atomic Heart – ekainak 22
- Oxenfree II – ekainak 30
- Bomb Rush Cyberfunk – maiatzak 26
- Slime Rancher 2 – ekainak 1
- Frostpunk 2 – 2024 urtarrilak 2
- Metal Slug Tactics – uztailak 30
- Dwarf Fortress – irailak 30
- Stray – apirilak 19
- Scorn – urriak 7
Valven saltokian fitxa duten lan guztien datak filtratuta, ziurrenik beste zenbait bideojoko handiren merkaturatze egunak ezagutu nahi dituzu. Tira, Hollow Knight: Silksong-en kasuan, adibidez, argi dago txantxa bezala gehitu zutela eguna Team Cherry-koek: 2028ko otsailaren 28an argitaratuko da Steamen. Agian ez da txantxa bat?
Vampire: The Masquerade – Bloodlines 2, esaterako, 2023ko abenduaren 29rako aipatzen da. Antzekoa gertatzen da Warhammer 40,000: Darktide-rekin: 2022ko abenduaren 30erako agintzen dute garatzaileek. Kerbal Space Program 2, berriz, dagoeneko kaleratuta egon beharko zen filtratutako daten arabera.
Data guzti hauek aldatzen joan daitezkeela kontuan hartu beharra dago. Dena den, hurbilen daudenak hala mantenduko direla aurreikusten da, berandutzeren bat ez badago tarteko, behintzat. Hori horrela, Uncharted, Sonic Frontiers edo Atomic Heart bezalako joko desiratuak laster ikusiko ditugula suposa daiteke.
Iruzkinak