Battle royale erako plataforma jokoaren hirugarren denboraldia prestatzen ari dira Mediatoniceko garatzaileak.
Azken hilabeteetako ezusterik handienetakoa izan da Mediatonic garatzailearen Fall Guys Ultimate Knockout dibertigarria. PC eta PS4rako argitaratutako jokoak gazte zein nagusiak erakartzea lortu du, arrakasta izugarria eskuratuta.
Unityk bere motor grafikoarekin garatutako mota desberdinetako edukien 2020ko hirugarren hiruhilabeteko emaitza finantzarioak argitaratu ditu; bertan “Unityrekin sortutako bideojoko handienak” zehaztu dituzte, eta Genshin Impact bezalako jokoen artean agertzen da Fall Guys. Zehazki, PCan bakarrik hamar milioi ale saldu dituzte Mediatonicekoek.
Nabarmentzekoa da azken hilabeteetako erritmoaren galera. Izan ere, abuztu amaieran zazpi milioi joko saldu zituzten Valven plataforma digitalean. Hala ere argi dago battle royaleak gora egiten jarraitu duela. Twitch plataforman ere bideojoko ikusitakoenen artean egoten jarraitzen du, lanaren arduradunek nabarmendu duten bezala.
Fall Guys bigarren denboraldian murgilduta dago, baina garatzaileek lanean jarraitzen dutela aldarrikatu dute. Izan ere, hirugarren denboraldia prestatzeari ekin diote jada: Winter Knockout deituko dela aurreratu dute. Minijoko berriez gain jantzi bereziak ere ikus daitezke plataforma jokoan. Untitled Goose Game dibertigarriaren jantzia eskuratu ahalko da datozen egunetan.
Iruzkinak