GNU/Linux eguneraketak, grafikoen driver-ak, pantailentzako hobekuntzak zein BIOS aldaketak dakartza, baita mod-ak instalatzeko erraztasunak ere.
Steam Deck gailuak erabiltzen duen SteamOS sistema eragileak 3.6.19 bertsioa argitaratu du adar egonkorrean (Stable). LCD zein OLED bertsioentzako era guztietako dozenaka hobekuntza eta aldaketa zerrendatu ditu Valve-k Steamen.
Deckaren erabiltzaileak denbora luzez zain egon dira eguneraketa garrantzitsu hau adar egonkorrera iristeko. Bertan bildutako hainbat eta hainbat berritasun dagoeneko ezagutzen genituen Beta eta Preview adarretako adabakien bitartez, baina aurreikusitakoa baino lan gehiago eskatu die guztia txukuntzeak.
ArchLinux zein Linuxen kernel-aren eguneraketak, Mesa grafikoen driver-ak, akatsen zuzenketak, baita zein BIOS aldaketak irakur ditzakegu berritasunen zerrenda luzean. Aipa ditzagun nabarmenenak.
Esan bezala, ArchLinuxen oinarria eguneratu dute, eta kernela 6.5 bertsiora igaro da. Zer suposatzen du honek? Hardwarearen bateragarritasuna, sistemaren errendimendua, segurtasuna, eta, orokorrean, sistemaren egonkortasuna hobetu eta areagotu dutela.
BIOSa berriztatuz, Steam Deck LCD originalarentzako eguneraketa nabarmena aipatzen da: karga gutxiko egoeretan bateriaren iraupena % 10 areagotzen da. Are gehiago, overcloking kontrolak inplementatu dituzte.
Gainera, sistema eragilearen eguneratzeen abiadura bizkortu dela diote. MicroSD txartel zehatzen bateragarritasuna ere zuzendu dute, denetariko hobekuntzekin, eta era guztietako akats txikiak zein handiak txukundu dituzte.
Grafikoen eta errendimenduaren aldetik ere hobekuntza esanguratsuak datoz; izan ere, Mesa 24.1 grafikoen driverra inplementatu dute. Aldi berean, gailuaren memoriak arazoak dituen uneetan errendimendua eta egonkortasuna areagotu dira. Dirudienez, abiatze denbora murriztu dute, eta Steamen interfazearen erantzuna hobetu.
Pantailei lotutakoak irakur ditzakegu, baita: beta bertsioetan ikusitako Mura sistema hobetu dute, kolore uniformeagoak lortuta; mahaigaineko modura igarotzerakoan agertutako akatsak zuzendu dituzte, gainera; ez hori bakarrik, kanpoko pantailekin eta telebistekin ikusitako zenbait arazo txukundu direla diote; bukatzeko, berrizte tasa aldakorrarekiko (VRR) bateragarritasuna hobetu dute.
Konektibiteari dagokionez, Bluetooth inguruko aldaketa ugari dakartza eguneratzeak; beste arlo batekin jarraituz, Steam Input-ek aginteentzako zuzenketak gehitu ditu, ROG Ally gailuaren botoi gehigarrienak barne.
Bukatzeko, bideojokoen eraldaketak edo modak instalatzen dituzten horientzako aldaketa interesgarriak datoz. /etc karpetan gordetako eraldatutako fitxategiak bere horretan jarraituko dute sistema eragilea eguneratzerakoan, modek funtzionatzen jarraituko dutela bermatuz, besteak beste.
Esan bezala, aipatutako guztiak SteamOSen bertsio egonkorrera iritsi dira. Eguneratzeko, Deckaren ‘sistema’ menura jo beharko dugu joko moduan.
Iruzkinak