Bateria nahiz bluetooth hobekuntzak dakartza, bestelako akatsak zuzentzeaz gain.

Valve-k SteamOS sistema eragilearen 3.7.8 eguneraketa argitaratu du ofizialki. Gaurkotzeen adar egonkorreko erabiltzaileek Arch Linux, Mesa Plasma zein kernel eguneratzeak ikusiko dituzte.

Zer esan nahi du horrek? Aldaketa ugari eta esanguratsu datozela, sistema eragilearen sabelean barneratzea gustuko dutenentzat, behintzat. Arch Linux distroaren eguneraketa orokorrarekin askotariko aldaketak ikusiko ditugu; adibidez, Plasma 6.2.5 mahaigaineko ingurunean interfaza eguneratuta ikusiko dugu, beste hainbat berritasunen artean. Aldaketa nabarmenenak Plasmaren webgunean irakur ditzakegu.

Joko modutik (Game Mode) mahaigaineko modura askotan jauzi egiten dutenek trantsizioa askoz azkarragoa dela nabariko dute: abiadura ia bikoiztu egin dute, emulagailuekin saltseatzen ibiltzen garenoi bizitza erraztuta.

Mesa grafikoen driver-ak ere gaurkotu dituztenez, hainbat bideojokotan areagotutako errendimendua espero daiteke. No Rest for the Wicked aipatzen dute, esaterako. SteamOSetik kanpo, Proton bateragarritasun geruzaren 10. bertsioa prestatzen dabiltza, gainera, Windows-eko are bideojoko gehiago GNU/Linuxen mugitzea erraztuz.

Eguneratze tasa aldakorra (VRR) mugatzeko aukera inplementatu dute, baita.

 

Bizitza luzeagoa, gailu gehiagotan

Steam Deck-a entxufatuta erabiltzen dutenek asko eskertuko duten ezaugarria inplementatu dute adabakiarekin. Baterariaren karga mugatzeko aukera aurkituko dugu doikuntzetako ‘energia’ atalean —izena aldatu diote, lehen bateria deitzen zen—; horrela, karga % 80koa denean automatikoki etetea hauta dezakegu, adibidez, bateriaren bizitza luzatzeko.

Deckaren LCD bertsio originala daukatenek, bestalde, OLED erabiltzaileen ezaugarrietako bat jaso dute: gailua lo dagoenean bluetooth agintearen bidez piztea. Tamalez, Bluetooth LE gailuak ez dira bateragarriak ezaugarri honekin: Xbox aginteak, esate baterako.

Valven eskuko PCa aipatzen gabiltza, baina ez da SteamOS erabiltzen duen bakarra, noski. Merkaturatu berri den Lenovo Legion Go S gailuarentzako euskarri ofiziala abiatu dute SteamOS 3.7.8rekin; horrez gain, ASUS ROG Ally-aren euskarria hobetu dute.

Etorkizunean beste eskuko ordenagailu gehiagotara eramatea da asmoa, eta, ostean, edozein PCrentzako SteamOS ikusten hasiko gara. Horren harira, sistema eragilearen webgune ofiziala zaharberritu dute gaur.

Dock ofizialarentzako hobekuntzak, SNES aginte berrientzako euskarri ofiziala eta bestelako dozenaka akats zuzenketa zein aldaketa gehiago aurkituko ditugu eguneraketarekin. Zerrenda osoa hemen irakur daiteke.

Bukatzeko, SteamOS berrinstalatzeko irudia eguneratu dute aspaldiko partez. Edozein arazo izanez gero, hemendik jaitsi dezakegu Rufus bezalako programekin USB memoria batean instalatzeko eta erabiltzeko.

SteamOS 3.7 bertsioa martxoan estreinatu zen beta adarrean. Ordutik hona are gehiago findu eta hobetu ondoren, adar egonkorrera iritsi da azkenik. Ez dakartza aldaketa gutxi, baina kontuan hartzeko beste abisu bat: itxura batean, ez du Decky-ren bateragarritasuna apurtzen. Zaleen programa zein bere plugin desberdinek ondo funtzionatzen dutela dirudi!