SteamOS 3.8 bertsioarekin bateragarritasuna areagotu dute; halere, Nvidia zein Intel osagaiekin arazoak daude oraindik.
Valve SteamOS PCko erabiltzaile guztiei eskaintzeko prestatzen ari da. Pierre-Loup Griffais Valveko ingeniaria sistema eragilearen berritasunei eta etorkizunari buruz mintzatu da The Verge agerkariari eskainitako elkarrizketan.
Astelehenean iragarri zuten Steam Machine ordenagailu eta kontsola arteko hibridoaren prezioa —1.039 euro balio ditu modelo merkeenak—, erreserba sistema abian jarrita. Salneurria kolpe gogorra izan da zale askorentzat; hori dela eta, alternatibak eskaini gura dituzte.
2022. urtean Steam Deck-arekin batera iritsi zen SteamOS txukuntzen eta hobetzen aritu dira azken urteotan. Hasiera batetik, helburua GNU/Linux-en oinarritutako distribuzioa PC guztietarako ahalbidetzea izan zen, baina hainbat oztopo eta moldaketa aurkitu dituzte bidean.
Joan den astean kaleratutako SteamOS 3.8.10 adabakiarekin PCko osagai desberdinekiko bateragarritasuna areagotu eta txukundu dutela dio Griffaisek.
Aldaketen zerrendan behin eta berriro ikusi ditugu gailuei buruzko aipamenak; halere, erronka nagusia Nvidia eta Intel markekin erabateko bateragarritasuna lortzea da. Izan ere, egungo SteamOS gutxi gorabehera erabil dezakegu AMD osagaiak dituzten ordenagailu arruntetan.
Valvek, Nvidiarekin zein Intelekin elkarlanean, bateragarritasuna txukuntzeko talde berezia osatu duela azpimarratu du Griffaisek. Ez dugu aurten ikusiko, itxura batean, baina denbora luzez lantzen ibili diren zerbait omen da.
Zorionez, gaur egun Valven sistema eragileak PC arruntetan “esperientzia ona” eskaini dezakeela aldarrikatzen du ingeniariak: “Steam Machinearen antzeko erabilera eduki dezakeen zerbait baduzu, telebistara konektatutako, disko gogor bakarreko eta dual boot-ik gabeko PCa”, aipatzen du, “SteamOS sartu diezaiokezu, eta konektatutako Steam Deckaren nahiz Steam Machinearen antzeko gailua lortu”. Hori bai, bidean ezaugarri berezi batzuk galduko dira, HDMI-CEC euskarria, esate baterako.
Alternatiba gehiago ere egon badaudela aitortu beharra dago: Bazzite zein CachyOS distroek Valvek egindakoa errepikatzen dute, gauza ugari erraztuz.
SteamOSek hedatzen jarraitzen du. Azken hilabeteotan eskuko PC desberdinetan ofizialki inplementatuta ikusi dugu, Steam Decketik at: MSI Claw, Legion GO zein Asus ROG Ally gailuen bertsio desberdinetan ikusiko dugu bideojokoetara bideratutako GNU/Linux distroa.
Ordenagailuetan zein Android gailuetan
Aipatutako guztiari gailu sorta garrantzitsua gehitu behar zaio, amaitzeko: ARM txipak erabiltzen dituzten Android gailuak. Steam Frame errealitate birtualeko kaskoak kaleratzeke ditu Valvek; Android bidez funtzionatuko duen gailua, alegia.
Horrekin batera, Androiderako Steam iritsiko da, FEX emulagailuarekin batera Android gailuetan PCko jokoak erabiltzea ahalbidetuz. Argitzeko asko dago oraindik, baina argi dago Valven asmoa Steam ahalik eta gailu gehienetara eramatea dela.
Hemendik jaitsi dezakegu SteamOS, instalatzeko jarraibideekin batera.
RAM memoria preziatua
Steam Machinearen zain egon diren hainbatentzako berri pozgarria izango da SteamOSen hedatzearena. Horri buruz ere mintzatu dira berriz Valvekoak, eduki dituzten arazoak azaleratuz. Gamer Nexus eduki sortzaileari eskainitako elkarrizketan aldarrikatu dutenagatik, RAM fabrikatzaileen ezezkoak jaso dituzte behin eta berriro.
Micron, Samsung eta SK Hynix dira DRAM-aren nazioarteko fabrikatzaile bakarrak: Griffaisek azaldu duenagatik, enpresetatik prezio zehatz bat jasotzen zuten hilabetero, eta, horri ezetza emanda, harreman guztiak alboratzen ziren. Adierazpen kezkagarriak, batez ere, Valve bezalako enpresa arrakastatsu batengandik etorritakoak direla jakinda.
Griffaisek, berriz, egoerari buelta ematen saiatu zirela diote, RAMik eta SSDrik gabeko Steam Machinea merkaturatzeko aukera aipatuta. Gailua merkeago erosita, erabiltzaileen esku egongo litzateke osagaiok erostea eta ordenagailuan txertatzea. Azkenean, sortutako PC txikia hauek gabe eratzerakoan izandako arazoak nabarmendu ditu, ideia, oraingoz behintzat, alboratuz: oraindik horri heltzeko aukerak daudela dirudi.
Proton 11 bertsioa, zaleen eskutik hobetuz
Linuxen bideojokoetan aritzeko esperientzia hobetzea ez dago bakarrik Valven esku, noski. Bideojokozaleen komunitatea gogor aritu da lanean azken urteotan, Steamen arduradunek egin ezin ditzaketen lanak burutuz. Adibidez, GE-Proton bertsioarekin Windows jokoekiko bateragarritasuna hobetuz.
Proton 11 ofiziala beta bertsioan dagoela, GE-Proton 11-1 heldu da zaleen aldetik. Aspaldi zebiltzan eguneratutako bertsiorik kaleratu gabe, eta dozenaka aldaketa inplementatu dituzte oraingoan.
Nagusienak azpimarratzearren, DirectX 7 erabiltzen duten bideojokoentzako D7VK euskarria gehitu dute. Optiscaler ere inplementatu dute Protonen baitan, DLSS eta bestelako eskalatze sistemak FSR irekiagoarekin bateratzeko. Bideojoko desberdinekin bateragarritasuna ere zuzendu da, arazoak konponduz.
Bukatzeko, bideoen erreproduzioa txukundu dute, codec-ekin arazoak dituzten hainbat bideojokoren funtzionamendua hobetuta —Resident Evil, Age of Empires eta Persona sagetako hainbat titulu, Dark Souls: Prepare to Die Edition edo Final Fantasy XIV ageri dira zerrendan, besteak beste—. Hau da, adibidez, Valven eskuetatik kanpo geratzen den arazoetako bat: codec zehatz batzuen lizentziak erosi ezinik, txikikeria honengatik arazoekin topo egingo dugu aipatutako jokoetan Proton arrunta erabiltzerakoan.
Hemen aurki dezakezue GE-Proton 11-1 adabakiaren aldaketen zerrenda osoa.
SteamOS 3.8.10 eguneratzeak ere, nola ez, askotariko hobekuntzak gaineratu ditu. Steam Machinearentzako lehen euskarri ofiziala gehitzeaz gain, Arch sistemaren oinarria zein Linuxen kernel-a eguneratu, LCD modeloak bluetooth agintearekin —berriz— esnatzeko aukera gehitu, Steam Controller agintearen bateragarritasuna hobetu dituzte, dozenaka aldaketen artean. Aldaketen zerrenda Steamen irakur daiteke.
Lander Unzueta
Iruzkinak