Itxura eraberrituarekin batera ezaugarri mordoa inplementatu dituzte errealitate birtualean erabiltzeko.
Steam Index gailuak zein Half-Life: Alyx aspaldi estreinatu baziren ere, Valvetik errealitate birtualaren arloan lan egiten jarraitzen dute. SteamVR 2.0 estreinatu dute Gabe Newell-en taldekoek: plataforma barnean dagoen VR atala zeharo berriztatzeari ekin diote.
Gaur egun Steamek zein Steam Deck gailuek dituzten interfazea eta ezaugarriak inplementatu dituzte SteamVR plataforman.
Horrela, aldaketarik esanguratsuenak errealitate birtualeko jokoen eta edukien saltokian ikusiko ditugu: diseinu guztiz berriarekin, Big Picture interfazearen azken bertsioa erabili dute oinarriak sortzeko, aldi berean elementu gehiago gaineratuta.
Oinarrizko ezaugarriak hobetu dira eguneratzearekin. Teklatuak bi aginterekin idazteko aukera jaso du hizkuntza, emoji eta itxura berriekin batera; idatzizko zein ahozko txatak erabil daitezke orain SteamVRn; bukatzeko, jakinarazpenak modu errazagoan ikusteko aukera gehitu dute arduradunek.
Interfazearekin batera dozenaka aldaketa eta zuzenketa aipatzen dituzte artikuluan: akatsak zuzendu, esperientzia hobetu, koloreak zein soinu efektuak txukundu edo bateragarritasuna areagotu dituzte, besteak beste.
SteamVR 2.0 erabiltzen hasteko plataformaren bezeroa eguneratu beharko dugu ohiko pausoak jarraituz. Orain arte betan egon bada ere, ager daitezkeen akatsak jakinarazteko eskatu dute Valvekoek.
Egindako aldaketak eta gehitutako berrikuntzan hasiera baino ez direla azpimarratu dute: “Steam ekosistema erabiltzaile guztientzat bateratzeko hasitako ibilbidean emandako lehen pausoa baino ez da hau”, diote Valvekoek. “Eguneraketa honek Steameko ezaugarri berriak modu azkarragoan eta maiztasun handiagoarekin eskaintzea ahalbidetuko digu”.
Steam hobetuz
SteamVR ez da izan azken egunotan plataforma barruan hobekuntza nabarmenak jaso dituen ezaugarri bakarra. Urriaren 25ean kaleratutako Steam bezeroaren eguneraketak erabiltzaile askorentzat benetan interesgarriak izan daitezkeen aldaketak ekarri ditu.
Steam Remote Play zerbitzuaren latentzia murriztu dute, adibidez. Horrela, ordenagailuen artean sare bidez jokatzerakoan kontrolek zehaztasun handiagoa edukiko dute, partidak hobetuz.
HDR pantailentzako euskarriaren hobekuntzak ekarri ditu eguneratzeak. Streaming bidez jokatzerakoan nahiz pantaila irudiak ateratzerakoan nabariko ditugu batez ere.
Blogean argitaratutako artikuluan irakur dezakegu berrikuntza guztiei buruz: Steam Input, overlay, Big Picture zein komunitate ataletan inplementatutako dozenaka aipamen aurkituko ditugu.
Iruzkinak