Shift Up estudio hego korearraren akzio jokoa lehen aldiz iritsiko da ordenagailuetara, PlayStation-en babespean balorazio apartak eskuratu ondoren.

Stellar Bladek eduki guztiak biltzen dituen Complete Edition bertsioa jasoko du ekainaren 11n. Oraindik ofizialki iragarri gabe, PlayStation-eko YouTube kate ofizialaren bitartez filtratu da iragarpen bideoa, PCan nahiz PlayStation 5 kontsolan estreinatuko dela adierazita.

Dagoeneko ezabatuta dagoen trailerrean ageri denez, ordenagailuetarako ohiko hobekuntzak teknikoak prestatu dituzte: NVIDIA DLSS 4 eta AMD FSR 3 eskalatze sistemak, kalitate handiagoko testurak, mugarik gabeko irudi tasa, pantaila ultrazabalentzako eta DualSense agintearentzako euskarria, buruzagi berria, 25 jantzi berri, eta, amaitzeko, bikoizketa japoniarra zein txinatarra bilduko ditu PCrako eraberritutako bertsioak. Aipatutakoei jatorrizko tituluak azken urtean jaso dituen edukiak gehitu behar zaizkie; gehienbat, jantziak.

Iazko apirilean Sony-k argitaratutako eta Shift Up talde hego korearrak PS5ean kaleratutako Stellar Blade originala NieR: Automata bezalako hack and slash tituluen mekanikak bereganatzen dituen akzio abentura dugu. Izan ere, DLCetarako elkarlanetako bat Yoko Taro sortzailearen jokoarekin egindakoa da.

Borroka ikusgarri bezain zailak, misterioz betetako mundua nahiz narratiba eta atal grafiko indartsua biltzen ditu Stellar Bladek. Protagonisten inguruko sexualizazio mailak iritzi ezkorrak ekarri badizkio ere, jokagarritasun aldetik maila aparta erakusten duela nabarmentzen dute bai hedabideek, bai jokalariek.

Ekainaren 11n estreinatuko da Stellar Blade Complete Edition PC eta PS5 plataformetan.