Uztailaren 31n itxiko da sinadura bilketa: 1.000.000 ekarpenak gainditu behar ditu, gutxienez. Bideojokoen bizitza araupetzea bilatzen du iniziatibak.

[EGUNERAKETA]: Kanpainak Europar Batasunera iristeko beharreko 1.000.000 sinadurak lortu ditu. Borroka ez da bukatu, ordea, eta antolatzaileek ahalik eta sinadura gehien biltzeko eskatu dute, modu horretara iniziatibak indar gehiago eduki dezan.

Ez hori bakarrik, Ross Scott-ek Erresuma Batuko parlamentuak eskatzen zituen 100.000 firmak ere gainditu dituztela jakitera eman du —albistea idazterako unean 130.000 sinadura daramatzate—. Europar Batasunarekin egin antzeran, parlamentura iritsiko da eskaria.

Kanpainaren ibilbide osoa eta eboluzioa ezagutzeko webgunea prestatu dute zaleek: hemen aurkituko duzue.

[Jatorrizko albistea]: Utzi bideojokoak hiltzeari (Stop Killing Games) iniziatibak 970.000 sinadurak gainditu ditu dagoeneko. Europa Batasunaren baitan abiatutako kanpainak enpresei eta argitaletxeei bideojokoak bizirik mantentzea eta hauei euskarria eskaintzea eskatzen die.

2024ko apirilean abiatutako ekimena ezerezean geratzeko arriskuan egon da azken hilabeteotan. 1.000.000 sinadurak gainditu, eta, gutxienez, Europar Batasuneko zazpi herrialdetan gutxieneko kopuru batera iristea beharrezkoa da —herrialdearen proportzioarekiko zifrara— iniziatibak aurrera egin dezan. Orain gutxira arte, zazpi herrialdeen muga gaindituta, baina 400.000 sinaduratan trabatuta geratu da denbora luzez; zorionez, azken egunotan sekulako gorakada bizi du kanpainak, egun gutxitan ekarpenen —ia— beste erdia biltzeraino.

Uztailaren 31n ixten da sinadura bilketaren epea; dena ondo badoa, eta egunotan erakutsitako indarra mantentzen bada, soberan gaindituko du milioiaren langa. Hala ere, antolatzaileek diotenez, are firma gehiago biltzea ezinbestekoa da, bai indar gehiago edukitzeko, bai egindako edozein akats edo iruzur saihesteko.

 

Zerbitzariak eta jokoak akabatu gabe

Laburbilduz, bideojokoen bizitza eta azpiegitura araupetzea da Ross Scott eduki sortzaile ezagunak hasitako ekimenaren helburua, aldi berean, kontsumitzaileen eskubideak babestuz: “Geroz eta bideojoko gehiago argitaletxeek kontrolatzen dituzten zerbitzuarien menpe funtzionatzeko diseinatuta daude”, azaltzen du Accursed Farms kateko arduradunak. “Editoreak zerbitzaria itzaltzea erabakitzen duenean, bideojokoaren bizi euskarria mozten dabil, erabiltzaile guztientzat erabilezin bilakatuz”.

Hainbat adibide aurkezten dira kanpainaren txostenean: PlayStation-en Gran Turismo Sports edo EAren Knockout City, adibidez, ezin daitezke abiarazi gaur egun, zerbitzari pribatuetan oinarritutako jokoak baitira. Kasu ezagunagoa izan da, bestalde, Ubisoft-en The Crew jokoarena: nahiz eta jokalari bakarrarentzako joko motak eduki, jokalariei sarbidea ukatu zieten egileek, lizentziak desarregarazita; kexen eta salaketen ondoren, sarrera berrezartzea erabaki zuten frantsesek.

Jokatu ezinik geratzeaz gain, bideojokoen historia, artelan hauen ingurunea, suntsitzen ari direla aldarrikatzen du kanpainak. Liburu, abesti edo film baten “ale guztiak suntsitzearen kontzeptua” pentsaezina dela azaltzen da: “Gizartearen kultur galeratzat ulertuko litzateke”. Egun, bideojokoen medioa “horren hedatua ez bada ere”, bere obrak babesteko oinarrizko arauak eta legeak edukitzea beharrezkoa da.

 

Europatik, nazioartera

Enpresei euren bideojokoetarako sarrera oztopatzeagatik eta obrak suntsitzeagatik zigortzea eta salatzea arautzea da, hortaz, kanpainaren helburu nagusietako bat. Adierazten duenez, Europako herrialde bakar batean edo Europa osoan araudi hori inplementatzea lortzen bada, bideojoko sortzaileak euskarri mota edo berme berriren bat sortzera derrigortuta egongo dira; hori eginda, berme hori nazioartera eramatea ez litzateke zaila izango, enpresentzat ez bailuke lan edo karga gehigarria izan beharko.

Oztopoak ere egon badaude, noski: ez da gauza bera The Crew bezalako bat mantentzeko bermea egotea, edo milioika jokalari biltzen dituen eta soilik online joka daitekeen MMORPG erraldoiak betirako bizirautea.

Hala ere, betidanik multijokalari zerbitzariak bizirik mantentzeko egin den lana aipatzen du Scottek, eta, eskala txikiagoan bada ere, joko horietan aritu ahal izatea irabaztea dela: “Zerbitzari batek 5.000 jokalari eusten bazituen, baina amaierako bertsioka 500entzako edukiera baino ez badauka, hori sekulako hobekuntza izango litzateke jokatu gabe geratzearekin alderatuta”.

Doako jokoen kasuan, tartean mikroerosketak baldin badaude, hauen zerbitzariak mantentzea ezinbestekoa dela dio arduradunak: bestela, argitaletxe batek halako jokoak ixten dituenean “jokalariei lapurtzen” dabiltzala dio. Proposamenak irabazi asmorik gabeko doako jokoak kanpoan uzten dituela nabarmentzen da, hori bai.

Arestian esan bezala, kanpainak indar guztia galdu zuen azken hilabeteotan; egunotan, Scottek zein beste hainbat eduki sortzailek eta hedabidek argitaratutako bideoei eta artikuluei esker, besteak beste, berpiztea lortu da.

Hemen sinatu dezakezue: herrialdearen araberako gidak prestatu dituzte, beharrezko dokumentazioa eta pausoak azalduz, baina prozesua azkarra eta erraza da.

970.000 firmak gainditu dituzte albistea argitaratzeko unean —goizean, idazterakoan, 933.000 sinadura zeuzkan, eta, 967.000, bigarren errepasoan—, baina datozen orduetan ehundaka sinadura gehitzea aurreikusten da. Uztailaren 31ra arte sinatzeko aukera dago.