Plataformak baieztatu dira: PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan jokatuko dugu. Maiatzaren 6an aurkezpen berezia eskainiko diote.

Ryu Ga Gotoku Studio talde japoniarrak Stranger Than Heaven berriaren bideoa argitaratu du Xbox Partner Preview emanaldian. Bertan, Japonian girotutako jokoa bost arotan zein hiritan banatuko dela baieztatu du.

Orain arte, garai pare batean ariko ginela ezagutzen genuen —Project Century kode izenak beste zerbait adierazten zuen, hori bai—. Azken bideoan 1915, 1929, 1943, 1951 eta 1965 urteetako Japoniako bost kokaleku —Yakuza / Like a Dragon zaleek ondo ezagutzen dituzten Tokioko Kamurochō eta Osakako Sōtenbori fikziozko auzuneak daude tartean— bisitatuko ditugula jakinarazi dute egileek.

Inoiz baino borroka odoltsuagoak, esplorazioa eta istorioa eroak izango dira protagonista Stranger Than Heavenen. Arma mordoa eskuan hartuta, ibilgailuak gidatzen ere ariko garela ikus dezakegu, minijokoetan parte hartuz zein bestelako erronkak biziz. Laburbilduz, Yakuza sagaren eboluzioaren aurrean gaudela pentsa dezakegu.

Plataformak ofizialki iragarri gabe egon dira, eta horiek baieztatu dituzte azkenik: PCan nahiz PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan estreinatuko da anbizio handiko bideojokoa.

Prestatzen dabiltzana ganoraz aurkezteko hitzordua jarri dute japoniarrek: maiatzaren 6an Xbox Presents: A special look at Stranger Than Heaven zuzenekoa egingo dute. Bertan, besteak beste, kaleratze data ezagutzea espero dugu.