1915. urtetik 1943.era bitartean ibiliko gara, gutxienez, Project Century izenpean aurkeztutako Yakuza estiloko tituluan.
Ryu Ga Gotoku Studio talde japoniarrak Stranger Than Heaven aurkeztu du, beste behin. Abenduan Project Century izenarekin iragarritako obraren behin betiko izena da.
1915. urteko Japonia bisitatuko genuela uste genuen, baina bigarren trailerrean beste urte bat azaldu zaigu: 1943. Hortaz, izen originalaren mende horri jaramon egingo diotela pentsa daiteke, eta 100 urteko testuinguruan kokatutako istorioa jarraituko dugula.
Kasu honetan, Osaka hiriko Dotonbori auzunea azaldu zaigu —edo Yakuza/Like a Dragon sagako Sotenbori fiktizioa izango ote?—. RGG Studioren ohiko mekanikak ikusiko ditugu bertan: girotze iluna baina koloretsua, mafioso ugari, eta, nola ez, kolpe mordoa.
Ikerketa mekanikak ere egongo direla ikusten dugu: gure protagonistak objektuak zein musika azter ditzake, adibidez.
Ez dakigu zein garapen motore erabiltzen dabiltzan, baina aurrekoen Dragon Engine bada —eta itxura hori dauka—, jauzi nabarmena ematea lortu dute: kokalekuak jendez beteta daude, eta argiztapen, partikula zein ke efektuak itzelak dira.
Zain geratu beharko gara, tamalez. Stranger Than Heavenen jokatzeko: ez dauka argitaratze datarik, ezta baieztatutako plataformarik ere.
Iruzkinak