Tfe zalea arduratu da itzulpena burutzeaz eta instalatzaileak prestatzeaz. 2022an estreinatu zuen BlueTwelve Studio taldeak.
Katu abenturazalea protagonista duen indie abentura ezaguna euskaratuta dago dagoeneko: Stray gure hizkuntzan aurkitzen da PCko bertsioetan.

Udako proiektutzat hartuta, Tfe erabiltzailea arduratu da —Shadow Tactics: Blades of the Shogun itzuli ondoren— euskaratzeaz. Bere webgunean azaltzen duenez, itzulpen kate guztiak prestatuta, hauek itzuli, eta GNU/Linux sistema eragileentzako instalazio script-a sortu du. Gainerako sistema eragileen erabiltzaileek erraz itzul dezakete, halere, euskaratzea batzen duen fitxategia ere partekatu baitu bideojokozaleak.
Familia galdu ondoren, etorkizuneko ziberhiri misteriotsuan barneratuko da katu protagonista. Bera gidatzeaz arduratuko gara, gu ere katu bilakatuta: jauzika, isil gordeka edo jolasean ibiliko gara berarekin, bidean robot adiskideak aurkituta. Atal grafiko benetan txukunarekin, obra ederraren aurrean gaudela esan beharra dago.
2022ko uztailean kaleratu zuen BlueTwelve Studiok, Annapurna Interactive indie argitaletxearen babesarekin: balorazio zoragarriak bildu ditu ordu hartatik hona, jokalarien oniritzia eskuratuta. Urteko indie jokorik onenen zerrendetan agertzea lortu zuen, besteak beste.
Aukera ezin hobea, hortaz, lehenengoz edo berriz Stray itxurosoaz gozatzeko, oraingoan testuak gure hizkuntzan irakurrita. PCko bertsioa euskara dezakegu Tfek prestatutako fitxategiei esker.
Lander Unzueta
Iruzkinak