Lehen DLC borrokalariak ezagutzera eman dituzte. Ekainaren 2an estreinatuko da Capcom-en borroka jokoen seigarren atala.

Capcomeko taldeak Street Fighter 6 Showcase erakustaldia eskaini du gauerdian. Bideojokoa kaleratu aurreko azken xehetasunak aditzera eman dituzte aurkezpenean: batez ere jokalari bakarrarentzako joko motetan eta ezaugarrietan ardaztu dira oraingoan.

Hori kontuan hartuta, nola ez, World Tour modalitatea ikusi dugu berriz. Gure pertsonaia sortuta Street Fighterren unibertsoko borrokalari ezagunen ikasleak izango gara, hauen mugimenduak barneratuz. Mailaz igotzen joango gara, gure abatarra pertsonalizatzeko baliabideak lortzen, zein misioak betetzen.

Ez hori bakarrik: esploratzeko mundu ireki zabala ere eskainiko digu. Momentuz Metro City —Final Fight sagako hiria, nahiz eta SFetan agertu— bakarrik bisitatuko genuela uste genuen, baina erakustaldian Indiako kaleetatik ere ibiliko garela erakutsi dute arduradunek.

 

Joko mota mordoa

Battle Hub atala beste behin ikusteko aukera ere eduki dugu. Online modalitateak biltzeko gunea izango da: jokalariak txoko birtualean elkartuko dira partidak abiatzeko, harremantzeko nahiz beste partaideen arteko borrokez gozatzeko. Klubak aurkeztu dituzte: klan modura funtzionatuko duten jokalarien taldeak, berezko iruditegiarekin eta izenarekin.

Bertan aurkituko ditugun arkade makinetan Capcomen retro tituluetan aritzeko aukera ere edukiko dugu: Street Fighter II, Captain Commando, Final Fight eta beste hainbat ageri dira Hubean.

Borrokak izango dira nagusi Fighting Grounds joko motan. Bertako ezaugarrien artean, baina, zauri estetikoak aktibatzeko edo desaktibatzeko aukera azpimarratu dute garatzaileek. Ryu-ren karategi jantzia zikintzen eta apurtzen ikusiko dugu norgehiagoketan, baita odola eta zauri txikiak ere, nahi izanez gero.

Irisgarritasun ezaugarriak nabarmendu dituzte, gainera: soinuan aldaketak egongo dira ikusmen arazoak dituzten pertsonentzat, besteak beste.

Hasiberriek zein adituek gozatuko duten tutorialen txokoa ere ikusi ahal izan dugu. Konboak eta eraso bereziak praktikatzeko gunea izango da, borrokalari bakoitzean sakonduz. Benetan erabilgarria dirudi, mailetan banatutako atalak prestatuta.

Taldekako borrokak erakutsi dituzte: binakako edo hirunakako dueluak izango dira, eta hauek pertsonalizatzeko aukera mordoa egongo dela dirudi. Extreme Battle modalitatean arau eroak dira nagusi; esate baterako, jauziak desaktibatuta egotea, eta, aldi berean, borrokalekutik zezen bat igarotzea.

Bukatzeko, bideojokoa kaleratu osteko lehen urtean jasoko ditugun DLC borrokalariak ezagutzera eman dituzte japoniarrek: A.K.I., Rashid, Ed eta Akuma izango dira. Jokoan ikusi ez ditugun arren, hauen ilustrazio ofizialak erakutsi dituzte.

 

Demoa plataforma guztietarako

Street Fighter 6k hainbat beta izan ditu, baina Capcomekoek jokalari guztientzako doako proba abiatzeko erabakia hartu du.

PlayStation 5-eko eta PlayStation 4-ko erabiltzaileek dagoeneko demoa jaitsi dezakete. Xbox Series-eko zein PC-ko jokalariek, berriz, apirilaren 26ra arte itxaron beharko dute.

Jokalari bakarrarentzako proba dugu: adibidez, gure borrokalaria sortzea ahalbidetzen digu.

Arestian aipatu modura, oso gutxi geratzen da Street Fighterren seigarren atala ofizialki kaleratzeko: ekainaren 2an jasoko dugu PS5, PS4, Xbox Series eta PC plataformetan.