Ken, Dhalsim, Blanka eta E. Honda borrokalariak bueltan datoz itxura eraberrituarekin. Metro City erraldoia esploratuko dugu gure pertsonaiarekin.
A ze nolako astea borroka jokoen zaleentzat. Tekken 8 ikusgarria ezagutu ondoren, Capcom-ekoek beren Street Fighter 6 berriz erakusteko baliatu dira Tokioko Game Show azokaz. Trailer luzearekin pertsonaia berri mordoa, joko mota bereziak eta era guztietako ezaugarriak ezagutzera eman dituzte.
Hasteko, goazen aurkeztutako borrokalariak aurkeztera. Sagako beterano ezagunak dira guztiak: Ken Masters, Dhalsim, Blanka eta E. Honda itzuliko dira seigarren atalean, jokoa aurkeztu zeneko filtrazioan ikusi genuena baieztatuta. Atal grafiko eraberrituak eskainitako hobekuntzez gain, guztiek diseinu berria daukate. Ez hori bakarrik, mugimendu aldetik ere askotariko aldaketak jasoko dituzte: bideoan ikusten denez, abilezia interesgarriak eta dibertigarriak erabil ditzakete hurrengo atalean.
Pertsonaia klasikoekin batera, seigarren atalean jokalariek beren borrokalari propioa sortzeko aukera edukiko dute. Hau aldez aurretik jakin genuen arren, aurkezpenean horretan sakontzeko aprobetxatu zuten japoniarrek. Editore aberatsa erabilita gure modeloa nahi bezala sortzeaz gain, denetariko arropak eta apaindurak erabili ahalko ditugu; hauetariko gehienak dendan desblokeatu beharko dira.
Gauza bera gertatzen da abileziekin eta mugimenduekin: SF sagako botere ezagunak erabili ahalko ditu gure pertsonaiak, baina hauek lortu egin beharko dira. Dirudienez, horretarako bidea beteranoekin batera entrenatzea izango da.
Sortutako pertsonaiarekin Metro City hiria esploratzeari ekingo diogu. Sekretu mordoa ezkutatuko ditu —Tatsumaki Senpukyaku-ak eta bestelako mugimenduak erabiliz aurkituko ditugu!—, baina, zelan ez, borrokak izango dira nagusi hemen; izan ere, hiriko biztanleen aurka denetariko erronketan parte hartuko dugu. Borroka arruntekin batera hainbat pertsonai bilduko dituzten erronkak, kamioiak lehertzeko minijokoak eta gehiago ikusiko ditugu.
Extreme deitutako modalitatea ere aurkeztu dute. Honek borroketarako desafio bereziak proposatuko dituzte: zezenak, Mega Man sagako Met arerioak, elektrokutatu egingo gaituzten zutabeak, boleibol antzeko partidak eta bestelako bitxikeriak ikusiko ditugu borrokei gatza eta piperra emateko asmoz.
Battle Hub aretoa berriz ikusteko aukera eduki dugu, gainera, Multijokalariari zuzendutako gunea da: arkade makinetan jarrita beste jokalarien aurka ariko gara hemen. Komunitatearekin harremantzeaz gain, txapelketak bizitzeko toki aproposa izango da. Are gehiago: Capcomen joko zaharretara ari gaitezke bertan: Street Fighter II nahiz Final Fight bezalako tituluak ageri dira bideoan, baina ustekabekoak egongo direla agindu dute garatzaileek.
Bukatzeko, hau guztia probatzeko beta itxia agindu dute. PC-an, PlayStation 5-ean zein Xbox Series-etan gozatu ahalko da jokoaren webgunean izena emanda. Urriaren 7tik 10era bitartean ahalbidetuko dute.
Street Fighter 6 ordenagailuetan eta PS5, PS4 nahiz Xbox Series kontsoletan merkaturatuko du Capcomek. Argitalpenari dagokionez, datorren urterako prest edukitzea aurreikusten dute, data zehatzik eman gabe.
Iruzkinak