Apirilaren 2an lehiatuko dira Capcom-en klasikoko dueluak Fightcade bidez. Izen ematea abian da jada.

Borroka jokoak ardatz dituen txapelketa antolatu nahian gabiltza aspalditik, eta Game Erauntsiaren Telegram taldean egindako inkestak erabili beharreko titulua adierazi zigun. Izan ere, borroka joko klasikoen artean klasikoena hautatu dute euskal bideojokozaleek: Street Fighter IIren Champion Edition mitikoa, hain zuzen ere!

Jatorrizko SFII: The World Warrior bertsioari hainbat hobekuntza eta berritasun gehitzen zizkion Champion Editionak. Hasteko eta behin, Shadaloo erakunde maltzurreko agintari zitalekin jokatzeko aukera zegoen: M. Bison, Vega, Balrog eta Sagat ezagunak kontrolatzeko lehen aukera izan zen jokalarientzat. Horrez gain, era guztietako oreka aldaketak inplementatu zituzten Capcom-ekoek.

Bertsio hau hartuta apirilaren 2an biziko dira norgehiagoka guztiak. Horiek bideratzeko Fightcade programa erabiliko dugu: plataforma deskargatuta eduki eta erabiltzailea sortu beharko da. Hemen duzue Fightcade instalatzeko eta erabiltzeko tutoriala. Nola ez, jokoa edukitzea ezinbestekoa izango da jokatu ahal izateko: zehazki, Street Fighter 2′ 920513 World ROM fitxategia da erabiliko duguna.

Partaide kopuruaren arabera txapelketa bi eratara antolatuko da. Alde batetik, zortzi partaidek edo gehiagok izena ematen badute, kanporaketa bikoitzeko txapelketa eratuko da; bestetik, zortzi partaide baino gutxiagok izena emanez gero, liga moduko txapelketa eratuko da. 

Hori horrela, izen ematea irekita dago jada: Game Erauntsiaren webgunean erabiltzailea sortu, txapelketaren fitxatik pasa, eta bertan izena eman dezakezue. Fitxan, gainera, arau guztiak sakontasunean irakur ditzakezue.

Lehiaketaren komunikazioa bideratzeko, ohi bezala, Game Erauntsiaren Discord zerbitzariaz baliatuko gara. Bertan Street Fighter II’ Champion Edition Txapelketa izeneko txata sortu dugu; beraz, zalantzak argitzeko edo, besterik gabe, animoak pizteko eta giroa berotzeko, pasa zaitezte bertatik.

Aipatu beharrekoak aipatuta, anima zaitezte eta erakutsi zure trebetasuna borroka joko mitikoan!