Kontsola nagusietan zein ordenagailuetan estreinatuko da beldurrezko jokoaren jarraipena. Relevo taldea arduratuko da argitalpenaz.

Euskal Herrian garatutako hurrengo bideojokoa beldurrezkoa izango da. Bilboko Main Loop Videogames garatzaileak Submersed 2 – The Hive ezagutzera eman du: itsaspeko misterioei eta beldurrei aurre egin beharko diegu berriro.

PCan eta PlayStation, Xbox nahiz Switch kontsoletan kaleratuko dute. “Laster” prest edukiko dutela diote egileek, baina ziurrenik itxaron egin beharko dugu bukaerako jokoan aritzeko.

Titulu originala bezala, lehen pertsonan jokatuko dugun abentura da. Marrazoak itzuliko direla dirudi, baina bilbotarrek bestelako izakiak ere aurkituko ditugula aurreratu dute. Hauei aurre egitea ez da erraza izango: kokalekuetatik sakabanatutako tranpak erabili beharko ditugu hondoetatik ihes egiteko.

Izan ere, gure armak eta munizioa oso urriak izango dira; gauza bera gertatuko da, gainera, inbentarioarekin. Urazpiko instalazioetako sekretuak argitzeko burua erabili beharko dugu: puzzleak izango dira nagusi, Resident Evil edo Silent Hill bezalako survival horror generoko klasikoek egin bezala.

Atal grafikoa nabarmentzekoa da bideoan eta irudietan ikusitakoagatik; egia esan, 2020. urtean estreinatutako aurreko jokoan teknikoki lortutakoa zeharo gainditzea lortu dutela dirudi.

Jada probatzeko aukera daukagu, zorionez: bilbotarrek demoa kaleratu dute Steam plataformaren Next Fest jaialdiaren baitan. Jokoaren orrialdean aurkituko dugu doako proba.

Hizkuntzei dagokienez, zoritxarrez oraindik ez dakigu euskaraz kaleratuko duten: aipatu dutenez, “oraindik ez dago erabakita”. Aurreko bi jokoak, lehen Submersed nahiz Itadaki Smash gure hizkuntzan eta ofizialki argitaratu zituzten Main Loopkoek.

Relevo talde bilbotarra arduratuko da bideojokoaren editore lanak egiteaz. Esan bezala, Submersed 2 “laster” merkaturatzeko asmoak ditu Main Loop taldeak: kontsola nagusietan zein ordenagailuetan argitaratuko dute beldurrezko abentura.