Krafton argitaletxeak Unknown Worlds-eko arduradunak kaleratu dituela iragarri du. Steve Papoutsis da taldearen zuzendari berria.
Krafton argitaletxeak Subnautica 2ren inguruko berri kezkagarriak eman ditu. Sortzaile originalak kanporatu dituzte, zuzendaritza berria ezarrita.
Urazpiko biziraupen eta esplorazio abentura sarituaren lehen atala sortzeaz arduratu ziren Ted Gill, Charlie Cleveland eta Max McGuire garatzaileak ordezteko agindua “berehala aginduan” jarri dutela azaltzen da prentsa ohar ofizialean.
Ez da zergatia zehazten, eta arduradunek ere ez dute azalpenik eskaini, oraingoz behintzat; halere, Kraftonek “elkarlanean jarraitzeko ahalegina” egin duela aipatzen du.
Ordezkoa Steve Papoutsis dela aditzera eman dute, gainera: Striking Distance Studios-eko exekutibo nagusia Unknown Worldsen zuzendaria da oraindik aurrera. Dead Space 2 eta 3 zein The Callisto Protocol beldurrezko jokoen ekoizlea izan da Papoutsis.
“Ahalik eta azkarren”
“Subnautica 2ren inguruko aurreikuspenak ikusita, gure jokalariei ahalik eta jokorik onena zor diegu”, dio CH Kim Kraftoneko exekutiboak, “ahalik eta azkarren”. Adierazpenak kezkak eragin ditu zaleen komunitatean: Subnauticari lotutako foroetan zein sare sozialetan gehiegizko lan karga arazoak egon daitezkeela zabaldu da; kontuan hartzekoa, Striking Distance Studiosen jazotako crunch egoera ezagututa.
Bigarren atala aurten sarbide goiztiarrean estreinatzea aurreikusten zen; prentsa oharrean ez denez ezer aipatu, data aldatu gabe jarraitzen dutela uler dezakegu.
Originalaren antzeko proposamena dakar bigarrenak: planeta ezezaguneko itsasoak esploratzen ibiliko gara, baliabideak bilduz gure basea zein erremintak hobetzeko. Oraingoan, baina, multijokalarira bideratu gura dute abentura —jokalari bakarrarentzako aukerak mantenduko diren arren—.
PC eta Xbox Series plataformetan ikusiko dugu aurten, dena ondo badoa, Subnautica 2.
Iruzkinak