Bilborock aretoan lehiatu dira Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak prestatutako txapelketako azken partida zirraragarriak.
Klikazank Bilboko Gamerren Lehiaren bigarren txapelketa bukatu da. Partaideek gogor jokatu dute garaipena eskuratzeko, baina bakarra izan da txapelduna: Sulick bideojokozale bilbotarrak eraman du sari handia iazko garaile Orovichen aurka final ikusgarria jokatu ondoren.
Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak prestatutako ekimenaren azken partidek aurretik izandako formatu digitala alboratu, eta aurrez-aurre jokatu ziren larunbatean. Bilboko Rocket League jokalaririk trebeena aurkitzeko hautatutako tokia aproposa izan zen: Bilborock aretoan bildu ziren finalistak, antolatzaileak zein Game Erauntsiako kideak; gurekin batera finala ikustera hurreratutako senideak, lagunak eta zaleak egon ziren. Nola ez, euskal bideojokozaleen komunitateko kideek Twitch bidez zuzeneko jarraipena eginez eskaini zuten egitasmoa sarean.
Finalerdietan nahiz final handian jokatutako norgehiagoketan sekulako maila ikusi genuen Sulick, Orovich, New_deihox09 eta Kilikis_official jokalarien aldetik. Partida guztiak tentsioz beteta lehiatu ziren, golak etengabe ikusiz eta ikaragarrizko jokaldiekin —ohikoa zen baloiarekin zelaiko alde batetik bestera hegan ibiltzea—.
Hala ere, bi partaide bakarrik igaro ahal ziren finalera: Orovichek New_deihox09ri garaitu zion lehen partidan, eta Sulickek bere iaiotasuna agerian jarri zuen Kilikis_officialen aurka jokatutako lehian. Finalean Orovichek jokaldi ikusgarriak egin zituen arren, ezin izan zuen bigarrenez txapelduna izatea lortu; izan ere, Sulickek bi partida irabazita ahal bezain laster bukatu zuen txapelketarekin: bien artean jokatutako bigarren partidan Orok hiru gol sartu zituen bitartean, txapeldunak 9 tanto lortu zituen.
Futbola eta autoak batzen zituzten partidek bost minutuko iraupena zuten, baina hiru partidatik onena izatea lortzen zuenak eskuratzen zuen garaipena. Hortaz, lehiakideek euren maila erakusteko aukera bat baino gehiago eduki zuten.
Sari handiak zeuden jokoan, eta horiek etxera eramateko gogo biziz ibili ziren parte hartzaileak. Sulickek bideojokoak erosteko 150 euroko opari txartela eskuratu zuen: nahi duen plataforman eskuratzeko aukera izango du. Txapeldunordeak, aldiz, gauza bera egiteko 50 euroko txartela lortu zuen.
Euskara eta bideojokoak, elkarrekin
Klikazank Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak Harrapazank gazteentzako euskarazko aisialdi programaren eskaintza barruan kokatzen den ekimena da. Harrapazanken helburu nagusia gazte bilbotarren artean euskara sustatzea da; horretarako, gazteentzako erakargarriak diren aisialdirako askotariko aukerak batzen ditu.
Nola ez, ez dago txapelketa osoa euskaraz burutu dela esan beharrik: partaideek, antolatzaileek, finaleko esatariek eta Bilborockera hurbildu zirenek nahiz Twitchetik partidak jarraitu zituztenek bideojokoez euskaraz goza daitekeela erakutsi zuten.
Iruzkinak