Geoff Keighley kazetariak udako aurkezpenei hasiera eman die hainbat ordu iraun dituzten zuzenekoekin.

Udako aurkezpen handiak abian dira. Guerrilla Collectivekoek ekin diote zuzenekoei, baina Summer Game Fest handiak zein indie jokoei zuzendutako Day of the Devsek ez dute askoz gehiago itxaron gura izan, eta bideojokoen festa hasi da jadanik.

Ekimen luzeak izan dira nagusi. Erritmo ona eduki arren, SGF 2023k, esaterako, bi ordu iraun zituen. Zaila da interesa mantentzea; ez nuke lortu zutenik esango, baina, zorionez, hainbat bideojoko interesgarri ikusteko aukera eduki genuen.

Kasu gehienetan, jokagarritasun bideo esklusiboak ziren: Final Fantasy VII Rebirthen zein Mortal Kombat 1en trailerrak, adibidez. Iragarpen batzuk ere azaldu ziren, baina nabarmentzeko gutxi: Sonic Superstars nahiz Prince of Persia The Lost Crown ikusi genituen lehen aldiz.

Askorik luzatu gabe, onena lehen aurkezpenotan ikusitako lanik interesgarrienak zerrendatzea izango da.

 

Summer Game Fest 2023 (Aurkezpen osoa)

 

Final Fantasy VII Rebirth

Cloud, Aerith, Tifa, Barret eta gainerakoen abenturaren berregite/berrabiaratzeak martxan jarraitzen du. FF7: Remake sarituaren jarraipen zuzena izango da; hau da, Midgar hiritik irtetzeko unea heldu da. Hori horrela, naturaz betetako guneak izango dira nagusi oraingoan.

Pertsonaiak, borrokak eta istorio orokorra ezagutzeko balio izan digu bideoak. 2024 hasieran PlayStation 5 kontsolan estreinatuko da; kontuz, bi diskotan argitaratuko dute Square-Enix taldekoek.

 

Like a Dragon Gaiden: The Man Who Erased His Name

Nahiz eta RGG Summit 2023-rako espero genuen, Kazuma Kiryu ere agertu da SGFean. Yakuza 6: Song of Life ostean kokatuko da Gaidenen istorioa, eta protagonista beteranoaren nondik norakoak ezagutzeko balioko digu.

Kiryuk eraso berriak erakutsi ditu: soka moduko bat erabilita dozenaka etsairen aurka egingo du oraingoan; egia esan, Dragon Engine motor grafikoarekin egindako jokoak itxura aparta dauka. Tokio, Kioto zein Yokohama hirietako auzo gorrietara bueltatuko gara, baina, Yakuzaren ohiko estiloan, gune eroak ere ikusiko ditugu. Adi bideo bukaeran agertzen den jolas parke bitxira.

Argitaratze data ere ezagutu dugu: azaroaren 9an merkaturatuko da PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan.

 

Mortal Kombat 1

Orain gutxi ezagutu genuen Mortal Kombat 1, baina bere dueluak denbora errealean ezagutu gabe geratu ginen. NetherRealm Studios garatzailearen borroka berriak lehen aldiz ikusteko aukera egon da Keighleyren saioan: atal grafiko ikusgarriarekin, inoiz baino hobeak izango direla dirudi.

Sub-Zero, Scorpion, Liu Kang, Kitana, Johnny Cage eta ohiko borrokalariak ageriko dira —adi Raiden ez-jainkotiarrari—, baita bestelako laguntzaileak ere ikusiko ditugu. Hauek konboak luzeteko erasoak jaurtiko dituzte. Istorio modalitate aberatsarekin helduko da kontsoletara zein ordenagailuetara irailaren 19an.

 

Sonic Superstars

Sonic trikuak bideojoko berria jasoko du… eta estilo klasikokoa izango da! Sonic Superstars 2.5D estiloko abentura da: Sonic, Tails, Knuckles zein Amy —momentuz— protagonistekin ohiko mekanikak ikusiko ditugu SEGA-ren jokoan.

Berritasunen artean, lau jokalarirentzako kooperatiboa nabarmendu beharra dago; modu horretara, azken Mario abentura txikien antzeko partidak eratu nahi dituzte japoniarrek. Udazken honetan estreinatuko da, nola ez, plataforma nagusi guztietan.

 

Alan Wake 2

Remedy Entertainment taldeko Sam Lake mitikoa —Max Payne originalaren aurpegia— igo zen SGFaren eszenatokira garatzen dabiltzan joko desiratua berriz erakusteko. Alan Wake 2 PlayStation Showcase-an ikusi zen, baina gehiago ezagutzeko gogoak daude.

Jokagarritasun bideoarekin Saga Anderson poliziaren rola hartu genuen. Beldurra, tiroak eta ikerketak izango dira nagusi, eta, egia esan, benetan itxura aparta dauka. Laster probatu ahalko dugu: urriaren 17an kaleratuko dute PS5, Xbox Series eta PC gailuetan.

 

Blasphemous 2

The Game Kitchen estudio sevillarrekoek laudorio guztiak merezi dituzte Blasphemous ikaragarriarengatik. Hori dela eta, ez da harritzekoa SGF bezalako ekimen garrantzitsuan bigarren atala ikustea. Metroidvania latz honen irudi berriak aurkeztu zituzten: aurrekoan bezala biolentziaz betetako mundu gogorrean murgilduko gara.

Esplorazioa, plataformak nahiz borrokak dira Blasphemous 2ren ardatzak. Botere zein abliezia berriak ezagutu ditugu horiek probatzeko datarekin batera: abuztuaren 24an jokatuko dugu plataforma nagusi guztietan.

 

Prince of Persia The Lost Crown

Prince of Persia: Sands of Time klasikoaren berregitea aurreikusten genuen ekainaren 12ko Ubisoft Forward aurkezpenerako. Hala ere, frantsesak aurreratu egin dira, baina ez espero bezala: The Lost Crown persiako printzearen abentura guztiz berria da.

Itxura eraberrituarekin, 2.5D estiloko titulu ederra garatzen dabiltza: plataformak eta jauziak biziko ditugu, noski, baina baita borrokak ere. Bideoan buruzagi erraldoien aurkako norgehiagoka pare bat ageri dira. Diseinu eraberritua ez da horren gustukoa izan askorentzat, baina jokagarritasun aldetik benetan erakargarria dela aitortu beharra dago.

Prince of Persia The Lost Crown 2024ko urtarrilaren 18an kaleratuko da PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch zein Amazon Luna plataformetan.

 

Day of the Devs (aurkezpen osoa)

 

Hyper Light Breaker

Hyper Light Drifter sarituaren “jarraipena” berriz ikusteko aukera eduki genuen iam8bit eta Double Fine estudioek antolatutako Day of the Devs zuzenekoan. Indie garatzaileei zuzendutako ekimenean izan ziren Heart Machine estudiokoak: akzioz betetako 3D roguelike titulua prestatzen dabiltza Breakerrekin.

Gure pertsonaia mota aukeratuta bizitza bakarreko partidetan murgilduko gara; espero ebzala, gure armategia, tresnak zein ahalmenak hobetu, eta ibilbidea bukatzea izango da helburua. Udazkenean sarbide goiztiarrean kaleratuko dute.

 

Cocoon

Geometric Interactive taldekoek ere antzeko aurkezpen motza egin zuten beren jokoarekin: Cocoon puzzle abentura itxurosoa da. Mundu zibernetiko bitxian aurrera eta atzera ibiliko gara erronkak gainditzen; orbeak bilduta ahalmenak desblokeatzea izango da zutabeetako bat.

2023an argitaratuko den arren, oraindik ez dute data zehatza eskaini. Laster xehetasun gehiago jasoko ditugu, beraz.

 

Guerrila Collective (aurkezpen osoa)

 

AntonBlast

Wario Land 4-ren oinordekoan bihurtzeko asmoa dauka Antonblast itxurosoak. Kickstarter kanpaina arrakastatsua burutu ondoren, Summitsphere garatzaile independentea Guerrillakoen zuzenekotik pasa zen plataforma, puzzle eta esplorazio jokoaren irudi berriak erakusteko.

Ez hori bakarrik, doako demoa proba daitekeela gogoratzeko ere aprobetxatu zuten: Steam bidez deskarga daiteke dagoeneko. Behin betiko jokoa kaleratzeko asko falta da oraindik, baina Switchean zein PCan ikusiko dugu.

 

World of Horror

World of Horrorren ibilbidea ez da erraza izan. Garatzaile bakar batek —ogibidez, dentista— sortutako bit bakarreko beldurrezko abentura berezia aspaldi argitaratu behar zen, baina azkenik behin betiko kaleratze eguna ezagutu dugu: urriaren 19an estreinatuko da PlayStation kontsoletan, Switchean zein PCan.

Roguelike mekanikak biltzen dituen point and click abentura dugu. Girotze japoniarrarekin, Junji Ito mangakaren komikiak gogora ekartzea lortzen du. Denbora luzea darama sarbide goiztiarrean, eta zaleen legio fidela eratzea lortu du.