Summer Game Fest ekimenak ia 50 titulu inguru elkartu ditu: Alan Wake 2ren eduki gehigarriak zein Lego Horizon Adventures ezagutu ditugu.

Ekaineko bigarren asteburua igarota, udako bideojokoen festan bete-betean murgilduta gabiltza. Lehen aurkezpenak ikusteko aukera eduki dugu dagoeneko, hainbat titulu interesgarri ezagutuz: Summer Game Festak, hasteko, Civilization VII, Kingdom Come: Deliverance II edo Monster Hunter Wilds utzi dizkigu.

Bi orduko ekitaldiaren inguruko kexa ugari entzun ditut; nire aldetik, orokorrean gorroto dudan aurkezpena aurten oso interesgarria iruditu zait, nahiz eta ez dugun iragarpen benetan handirik jaso.

Errepasa ditzagun erakutsitakoak, eta ea nire iritzi berekoak zareten.

 

Sid Meier’s Civilization VII

Ordu batzuk lehenago filtratu zen Sid Meier sortzailearen joko berria, baina ez zizkigun ezagutzeko gogoak kendu. Civilization bueltan da zazpigarren atalarekin; ohi bezala, gizadiaren aurkikuntzetan eta aurrerapenetan ardaztu dira, baina ez digute askoz gehiago adierazi.

Abuztuan informazio gehiago eskainiko dute, baina, behintzat, plataformak baieztatu dituzte: PCan zein PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan argitaratuko da estrategia bideojokoa.

 

Kingdom Come: Deliverance II

Henry aurkezpenetik igaro zen bere abentura berriaren irudi gehiago uzteko. Warhorse Studios-en lanak aparta dirudi atal teknikoan, baina bere mundu biziak eta erraldoiak zur eta lur utzi gaitu. Borrokak zein isilpea biziko ditugu, baita esplorazioa eta hizketaldiak ere, XV. mendeko Bohemia zeharkatzen dugun bitartean.

Aurten argitaratzeko asmoa daukate, baina ez dute eguna zehaztu: PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan ikusiko dugu.

 

Monster Hunter Wilds

Capcom-en izar berria hainbat aldiz ikusi dugu egunotan: State of Play aurkezpenetik pasa ondoren, beste bideo interesgarri bat argitaratu dute SGFan. Munstro eta arma berriak ikusi ditugu, beste behin basamortuko girotzea erabiliz.

2025erako prest egongo dela agintzen digute: Monster Hunter Wilds ere PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan estreinatuko da.

 

Phantom Blade Zero

S-Game txinatarraren akzio abentura ikusgarria da benetan. Sekiro estiloko lana dela esan dezakegu: borroka bizkorrak, fantasiazko girotzea eta duelu ikaragarriak —QTE elementuekin, dena esan beharra dago— proposatzen ditu.

Funtzionamendua ez badago guztiz argi ere, azoka handietan demoa eskainiko dutela diote: SGFan egon da, eta Shangaitik, Koloniatik zein Tokiotik igaroko da. Argitaratze data, berriz, ezezaguna da, baina PS5ean eta PCan jokatu ahalko dugu.

Lego Horizon Adventures

Denok espero genunen ezustekoa iragarri zuten PlayStation-ekoek: Legon girotzea duen Horizon abentura. Aloy eta dinosauro robotikoak Lego piezez osatuta ageriko zaizkigu, eta ez dut gezurrik esango: sekulako itxura daukate.

Abentura koloretsu bezain dibertigarria ez da esklusiboa izango, gainera: PS5ean argitaratzeaz gain, PCan eta, adi, Switchean jokatu ahalko dugu urtea bukatu aurretik.

 

Alan Wake 2Night Springs

Sam Lake Remedy taldeko arduraduna Alan Wake 2 bikainaren berritasunak eskaintzeko igaro zen aurkezpenetik. Night Springs izeneko espantsioa iragarri eta argitaratu dute: jatorrizko abenturan agertutako bi pertsonaia eta Control zoragarriko Jesse kontrolatzeko aukera emango digute erronka motzetan.

Umorez eta beldurrez betetako istorio alternatiboak ditugu: oso aproposak Alan Waken erokeriari jarraipena emateko. PS5, Xbox Series eta PC gailuetan eros dezakegu, originala bezala.

 

Hyper Light Breaker

Heart Machine taldearen hurrengo lana Hyper Light Drifter bikainaren unibertsoan girotzen da, baina ez du antzik edukiko: Breaker kooperatibora zuzendutako roguelike abentura dugu. Kanpaina osoan lagunekin ibili ahalko garela baieztatu digute oraingoan, irudi berriak utzita.

Sarbide goiztiarra udan hasiko dute, baina joko osoa urtea bukatu aurretik argitaratzeko asmoa daukate. Hau ere soilik PCra dator, oraingoz behintzat.

 

skate.

Skate desiratuaren garatzaileak zuzenekoan izan ziren… jokoak bizirik jarraitzen duela adierazteko. Umorez betetako bideoan jokoak uste baino denbora gehiago hartu diela aitortu ziguten, “aurre-aurre alfa” erakutsiz.

Dozenaka skater ikus ditzakegu bertan, denbora errealean osatzen doazen pistekin batera.

 

Dark & Darker

Joan den astean Dark & Darkerrek doako bertsioa argitaratu duela iragarri genuen; SGFan, baina, berritasun gehiago eskaini dituzte. Ironmace estudioaren berezko launcher-ean estreinatzeaz gain, Steam eta Epic Games Store plataformetara ere iritsi da —berriz— PvPvE abentura interesgarria.

Doako bertsioak mugak baditu ere, oso interesgarria dugu jokoa ezagutzen hasteko. PCan bakarrik joka dezakegu oraingoz.

 

Valorant

Riot Games-ekoen doako tiro joko ezagunak iragarpen handia egin zuen SGFan: kontsoletara dator. PS5ean zein Xbox Seriesean jokatu ahalko dugu.

Ez du joko gurutzaturik edukiko PCko jokalariekin, lasai ibil daitezke beraz. Hala eta guztiz ere, jarraipen bateratua edukiko dute bertsio guztiek. Lehenik betarekin hasiko dira, ekainaren 14an.

 

No More Room In Hell 2

Zonbiak ezin ziren bideojokoen festatik agertu gabe geratu. 2011ko No More Room in Hell interesgarriak zortzi jokalarirentzako kooperatiboa proposatuko digu bigarren atalean.

Ehundaka munstro akatzen ibiliko gara lagunekin “mundu dinamiko amaigabea” esploratzen dugun bitartean. Sarbide goiztiarrean estreinatuko da lehenik: PCan soilik jokatu ahalko dugu.

 

Neva

Gris apartaren Nomada Studio-ko sortzaileek Neva itxurosoaren lehen jokagarritasuna azaldu digute lehen aldiz. Estilo estekikoa mantentzen jarraituko dute, baina oraingoan Studio Ghibli-ren Mononoke Printzesa filmearen antzeko girotzea hartuz.

Plataformak eta borrokak uztartuko dituzte grafiko zein soinu banda ederrekin. 2024an iritsiko zaigu plataforma nagusietara.

 

Black Myth: Wukong

Sun Wukong tximino erregearen kondairan murgildu ginen beste behin trailer zinematikoarekin. Jokoa hainbat aldiz ikusi dugu, eta estreinatzeko oso gutxi geratzen denez —abuztuaren 20an argitaratuko da azkenik—, erabakirik aproposena da.

Sekiroren estiloa bereganatuko duen beste obra txinatarra dugu. Hainbat edizio berezi iragartzeko ere aprobetxatu zuten Game Science taldekoek.

 

Metaphor: ReFantazio

Persona nagusien arduradunek Metaphor: ReFantazio interesgarriaren xehetasun gehiago eskaini zizkiguten. Heroien sisteman sakondu dute oraingoan, uste baino zabalagoa izango dela adierazita.

Gainera, ordu erdiko jokagarritasuna ere erakutsi digute oraingoan, zalantzati bagabiltza. Urriaren 11tik aurrera jokatu ahalko dugu PlayStation eta Xbox kontsoletan nahiz PCan.

 

Street Fighter 6

SF6ren bigarren denboraldia ezusteko handiekin dator. M. Bison zitalaren itzulera ezagutzeaz gain, Elena ezaguna berriz ikusiko dugula jakin genuen… eta ez hori bakarrik, Fatal Fury edo King of Fighters mitikoetako Terry Bogard eta Mai Shiranui gonbidatu dituzte ukabilkaden festara.

Bisonen jokagarritasuna ikusi dugu: bera izango da lehena heltzen ekainaren 26an.

 

Mighty Morphin Power Rangers: Rita’s Rewind

Power Ranger heroiak Ninja dortoken erako beat ‘em up abenturarekin datoz. Trailer itxurosoa aurkeztu ziguten Digital Eclipse taldekoek: musikak asko laguntzen du, baina abentura kooperatibo dibertigarria izan daitekeela dirudi.

Megazord gainean ibiliko gara, gainera. Ezin daiteke gehiago eskatu.

 

Sonic X Shadow Generations

Sonic Generations maitatuaren bertsio eraberritua erakutsi zuten berriz Segakoek. Oraingoan, Shadow kontrolatu ahalko duguberarentzako diseinatutako misio berezietan.

Urriaren 25ean kaleratuko dute plataforma nagusietan.

 

Palworld

Jokalariak galdu baditu ere, Palworldek bizirik jarraitzen du. Espantsio handia aurkeztu dute PocketPair-ko japoniarrek: Sakurajima irlara bidaiatuko dugu oraingoan.

Pal izaki berriak, basea sortzeko aukerak eta askoz gehiago ikusiko ditugu bertan ekainaren 27tik aurrera.

 

…eta askoz gehiago

Bi orduk bideojoko asko biltzeko aukera eskaintzen dute; hori horrela, Summer Game Festean are titulu gehiago erakutsi zituzten. New World: Aeternum, Battle Aces, Unknown 9: Awakening, Wanderstop eta beste zenbait obra interesgarri ikusi genituen.

Guztiak ezagutzeko, jarraian SGFaren aurkezpen osoa daukazue: