Geoff Keighley kazetari eta aurkezleak kokalekua aldatu dutela iragarri du: Los Angeles hiriko Dolby Theatre antzoki ezagunean egingo dute hurrengo festa.
Summer Game Festak datorren urteko data baieztatu du: 2026ko ekainaren 5ean ikusi ahalko da aurkezpen handiaren edizio berria.
Udako bideojokoen jaialdiaren presentzia geroz eta sendoagoa izaten ari da urteak igaro ahala. E3 azokaren ordezkoa hartzeko prest agertu zen horrenbeste urtez jarraipena eskaintzen zion Geoff Keighley kazetari ezaguna, eta, denborarekin, bideojokoen munduko enpresa eta estudio nagusiak aterpe bakarrean biltzeko gai bilakatu da —nahiz eta tartean bere tranpatxoak ere badituen—.
Aurten, besteak beste, Resident Evil Requiem, Lies of P: Overture edo Stranger Than Heaven jokoen iragarpenak ikusi ditugu Summer Game Festean.
2026ko ekimenerako aldaketa esanguratsua iragarri dute antolatzaileek. YouTube Theatre eraikina alboratu, eta Dolby Theatre antzoki ezagunera igaroko dira: Oscar sarien ekitaldia hartzen duen egoitza berera. Keighley pozik ibiliko da.
Summer Game Festa ez da izango ekaineko egunetako aurkezpen bakarra, noski: baieztatu gabe dauden arren, aurretik zein atzetik Nintendo, PlayStation, Xbox edo Capcom enpresen jarduerak, PC Gaming Show-a eta ohiko beste hainbat ekimen ikusi ahal izango ditugu.
Lehenengo, The Game Awards sariak
Summer Game Festa indartzen badoa ere, aurretik Keighleyren taldeak antolatzen duen beste ekimen handia ikusteke dago oraindik. The Game Awards sari banaketaren presentzia sendotzen joan da baita, eta, urteko jokorik onena izendatzeaz gain, denetariko bideojokoen iragarpenak eta aurkezpenak egiteko balio du.
Abenduaren 12an ikusiko dugu aurtengoa; beti bezala, goizaldeko orduetan hasiko da Euskal Herriko ordutegian.
Iruzkinak