Geoff Keighley kazetariak E3 azokak utzitako hutsunea bete nahi du bere ekimena handitzen jarraituta.

E3 azoka aurten ospatuko ez bada ere, bere erreleboa hartzeko prest dauden ekimenak baieztatzen hasi dira dagoeneko. Agertutako azkena orain urte pare bat burutzen hasitako Summer Game Fest aurkezpeneko 2022ko edizioa da: ekainaren 9an egingo dela jakitera eman dute antolatzaileek.

20:00etan hasiko da zuzenekoa; ohi bezala, bideojokoen iragarpenak, trailerrak, jostagarritasun bideoak, gonbidatu bereziak eta mundu mailako estreinatzeak bilduko dituztela agindu du Geoff Keighley kazetari ezagunak. Joan den urtean, esate baterako, Elden Ring arrakastatsuaren lehen gameplay bideoa eskaintzea lortu zuten; hori horrela, ez da harritzekoa izango aurten are indar gehiagorekin itzultzea.

Bideojokozale gehienak AAA tituluen aurkezpenen zain egongo diren bitartean, obra independenteentzako txokoa ere edukiko dutela diote Game Festekoek. Egitasmoaren baitan Day of the Devs izeneko tartea egongo da: Double Fine eta iam8bit estudioetako arduradunek aurkeztuko dute.

E3aren hutsunea betetzeko asmoz datorrela esan nahian, AEB-etako hainbat IMAX zinemetan aurkezpena zuzenean ikusteko aukera egongo dela jakinarazi dute; PlayStation-ek, besteak beste, antzekoak egiten zituen bere garaian Los Angeleseko biltzarrarekin.

Summer Game Festaren ondoren Xbox-en eta Bethesda-ren txanda iritsiko da: orain egun batzuk ekainaren 12an Xbox & Bethesda Games Showcase aurkezpena egingo dutela ziurtatu zuten. Orain beste enpresa handien oharren zain gaude: ez da harritzekoa izango Nintendo-koek ere antzeko zuzenekoren bat iragartzea.