“Albisteak, jokoen ekimen bereziak eta jokatzeko edukiak” agindu ditu kazetariak.
Geoff Keighley kazetariak uda garaian bideojokoak ardatz izango dituen Summer Game Fest ekimen digitala aurkeztu du. Ekimenak bere webgune propioa dauka, eta bertan hainbat iragarpen egiteko asmoa azaldu du kazetariak.
“Summer Game Festek albisteak, jokoen ekimen bereziak eta jokatzeko edukiak batuko ditu urtaro oso batean”, aldarrikatu du Keighleyk. 2020ko maiatzetik abuztura arte luzatuko den ekimena izango da, iragarpenak denbora tarte horretan banatuta. Summer Game Festen lehen ekitaldia etzi egingo dute Microsoften eskutik, Xbox Series Xaren lehen jokoak aurkezteko Inside Xbox baten bidez.
Ekimenaren bideoan Halo, Senua’s Saga: Hellblade II, Marvel’s Avengers eta beste hainbat joko batu dituzte. Ikusteko dago horien inguruko berriak eskainiko dituzten, baina The Game Awards ospetsuen izenpean sortutako ekimena izanik albiste eta esklusiba handiak ematea espero daiteke.
Kazetariak aipatutako garatzaileen artean 2K, Activision, Bandai Namco, Bethesda, Blizzard, Bungie, CD Projekt Red, Digital Extremes, Electronic Arts, Microsoft, Sony, Square Enix, Private Division, Riot Games, Steam eta Warner Bros. Interactive Entertainment daude.
Gainera, ekimen digital berria E3ak utzitako lekua hartzera datorrela nabarmendu behar da. Keighleyk otsailean E3tik kanpo geratuko zela adierazi zuen hainbat urtez azokako berriak biltzen zituen E3 Coliseuma zuzentzen aritu ostean.
Iruzkinak