Ekainaren 26tik uztailaren 3ra arte dozenaka bideojoko ahalik eta azkarren gainditzen saiatuko dira bideojokozale adituak.
Pandemiaren eraginez hainbat oztopori eta zailtasuni aurre egin behar ondoren, Games Done Quick ekimena indar betean itzuli da. Udako Summer Games Done Quick hasi dute jada: berriz ere formatu presentzialari ekin ahal izan diote egungo edizioan.
AEBetako Minneapolisen elkartu dira bideojokoen munduko aditu desberdinak ekainaren 26tik uztailaren 3ra arte dozenaka tituluren speedrunak burutzeko. Hau da, joko desberdinak hartuta hauek ahalik eta azkarren gainditzen saiatuko dira, kasu askotan arau bereziak ezarrita: Edozein ehuneko lortuta amaierara iristea, akatsez baliatu gabe jokatzea, kooperatiboan aritzea, maila danak ezinbesteaz garaitzea… Erronka anitzekin zuzeneko hauei bizitasuna ematea da ekimenaren helburu nagusia.
Ez hori bakarrik, ongintzazko ekimena dela ere nabarmendu beharra dago. Ohi bezala, SGDQeko arduradunak erakunde desberdinekin batu dira zuzenekoetan egindako diru ekarpenak banatzeko. Aurten Mugarik Gabeko Medikuak da babesle nagusia.
Ezin gara bideojokoen zerrenda aipatu gabe geratu, noski: The Legend of Zelda: Link’s Awakening, Star Wars: Jedi Knight II – Jedi Outcast, Pokémon Emerald Randomizer, Metal Gear, Celeste, Doom Eternal eta askoz gehiago aukeratu dituzte aurtengo jarduetarako. Zuzenekoen ordutegiaren zerrenda SGDQen webgune ofizialean argitaratu dute.
Jokaldiekin atzo hasi zirenez, dagoeneko hainbat ikus daitezke ekimenaren Twitch kanalean: atzo, esate baterako, Shadow of the Colossus zein Mass Effect gainditu zituzten.
Esan bezala, uztailaren 3ra arte ariko dira bideojokoetara jokatzen. Zuzenekoak Twitch bidez jarraitzeko aukera dago, baina ondoren Youtube kanalean argitaratuko dituzte.
Iruzkinak