Geoff Keighley kazetariak ekainaren 10ean hasiko du udako egitasmoaren bigarren edizioa. Activision, EA, Blizzard eta gehiago egongo dira.
Bideo-jokozaleek ekainean hainbat hitzordu izango dituztela argi geratu da. E3a hasiko da bai, baina aurretik Summer Games Fest 2021 ekimenari hasiera emango diotela iragarri dute arduradunek.
Iaz lehen aldiz ospatutako jaialdiaren iragarpenak uda osoan zabalduko badira ere, ekainaren 10ean egingo dute lehen ekitaldia 19:00etan hasiko den Kickoff Live izeneko aurkezpen digitalarekin.
Bi ordu inguruko iraupenarekin, Geoff Keighley kazetariak sortutako egitasmoak bideo-jokoen iragarpenak eta industriako ekoizleen eguneraketak agindu ditu aurtengo lehen jarduera horretarako. “Hamabi iragarpen baino gehiago ikusiko dira bertan”, aipatu du Keighleyk.
Antolatzaileek ekimenera batu diren garatzaile eta enpresak nabarmendu ditu, 30 inguru baieztatuta: 2K Games, Activision, Amazon Games, Annapurna Interactive, Bandai Namco Entertainment, Battlestate Games, Blizzard Entertainment, Capcom, Devolver Digital, Dotemu, Electronic Arts, Epic Games, Finji, Frontier, Gearbox Publishing, Hi-Rez Studios, Inner Sloth, Koch Media, Mediatonic, MiHoYo, Psyonix, Raw Fury, Riot Games, Saber Interactive, Sega, Steam, Square Enix, Tribeca Festival, Tencent Games, Warner Bros, Ubisoft eta Wizards of the Coast egongo dira 2021eko Summer Game Festean.
Hori horrela, hauek egindako aurkezpen eta ekitaldi propioak Summer Game Festaren egutegian batu dituzte. Hor aurkitzen dira ekainaren 12ko Ubisoft Forwarda, ekainaren 16ko Steam Next Fest eta uztailaren 22an egingo den EA Play Live, besteak beste.
Iruzkinak