Edukiak gehitzen dihardute Brimstone taldekoek: bioma eta golf zelai, objektu eta itxura berriak ikusiko ditugu kirol joko kaotikoan.
Brimstone estudioak Super Battle Golf arrakasta hutsa dela baieztatu du. Larunbatean estreinatu zen multijokalari titulua, eta lehen bi egunetan 100.000 salmentak gainditu dituela ezagutzera eman dute arduradunek.
Proposamen dibertigarriak zortzi golf jokalari elkartzen ditu sarean. Ez dira ohiko partida geldoak lehiatuko, ordea: swingak eta kolpeak aldiberekoak izango dira, partaide guztiak une berean jokatzen ariko baitira… elkarri izorratzeko eta gogaitzeko aukerarekin.
Arkade edo festa jokoen elementuak bereganatuta, hiru biomatan banatutako 27 mailetan zehar eraso, defentsa eta laguntza objektuak nahiz ibilgailuak erabiltzeko aukera edukiko dute jokalariek: orbita laserrak, bazukak, eskopetak… ez dago mugarik, argi geratuko den zerbait jokalari batek gainerakoak golf orgarekin harrapatzen dituenean.
Gure pertsonaia sortzeko zein nahi bezala apaintzeko aukerarekin, obra koloretsuaren eta biziaren aurrean gaude. Salmenta ikaragarriekin batera, Super Battle Golf joko aparta dela dirudi: Steam plataformako lehen balorazioak izugarri onak dira. Are harrigarrigoa da jokoa lau hilabete t’erdian garatu dutela jakitea: duela urte pare batetik aurretiazko sarbidean eskaintzen duten Overthrown guztiz eklipsatzea lortu dute.
Brimstonekoek egindakoa are gehiago hobetzeko asmoa daukate, gainera: salmenten iragarpenarekin batera jokoan lanean jarraitzen dutela diote. Lehen edukien eguneratzearekin bederatzi maila biltzen dituen bioma berria, objektu pare bat, eduki estetikoak eta keinuak gaineratuko dizkiote golf jokoari.
PCan estreinatu da, oraingoz, Super Battle Golf.
Lander Unzueta
Iruzkinak